Udalak argitu du Panoramaren emanaldia ez dela Hiru Bat dantza taldearen urteurrenaren egitarauaren parte

Mikel Reina Barros

Hedabideren batek horrela argitaratu bazuen ere, argitu dute urriaren 17ko bi ekintzak banatuta daudela, baina hala ere, “bateragarriak” direla. “Horrelako egun bat gure kultura erakusteko, balioan jartzeko eta beste leku batzuetatik datozen pertsonekin partekatzeko modu bat ere bada”, diote.

Urriaren 17a ez da edozelango eguna izango Zamudion, ezta aurreko egunak ere. Hain zuzen ere Hiru Bat dantza taldeak egun horretan ospatuko du bere 55. urteurrena. Hori gutxi ez, eta Zamudioko Udalak Orquesta Panoramaren emanaldia zehaztu zuen egun bererako. Are eta harrigarriagoa izan zen hedabideren baten bi ekintzak egitarau beraren parte zela argitaratu zuenean.

Zalantzak sortu ziren, eta horregatik Zamudioko Udalak egoera argitu nahi izan du. Azaldu dutenez, Panoramaren emanaldia duela urtebetetik zegoen erreserbatuta, “aldez aurretik planifikatu behar da eta aspalditik zegoen data itxita”. Gero izan zuten dantza taldearen urteurrenaren berri. Hala ere, bi ekintzak “bateragarriak” zirela pentsatu zuten udaletik eta “bakoitzaren espazioa errespetatuz” 21:30erako zehaztu zuten Panoramaren emanaldia Hiru Bat Dantza Taldeak ospakizuna egun osoan zehar garatzea ahalbidetuz.

“Horrelako egun bat gure kultura erakusteko, balioan jartzeko eta beste leku batzuetatik datozen pertsonekin partekatzeko modu bat ere bada. Bisitatzen gaituztenek ere Zamudion euskal kultura nola bizi eta lantzen den ezagutu ahal izateko modua da; horren atzean urte luzetako dedikazioa, transmisioa eta konpromisoa daudela ezagutzea, garenaren zati bat partekatzeko, gure tradizioak ezagutarazteko eta gure kultura hazten eta aberasten jarraitzeko aukera bat da, beste pertsona eta leku batzuekin topo eginez”, uste dute udal ordezkariek.

Horrez gain, nabarmendu nahi izan dute Hiru Bat dantza taldeak 55 urte daramatzala Zamudioko dantzari eta kultur bizitzari laguntzen, eta Zamudioko Udaletik denbora horretan egindako lana aitortu eta eskertu nahi izan du: “Herritar askok dantza egiten ikasi dute, baita gozatu ere, elkartearen lanari esker”.