“Derio zabaltzen” on lineko plataforma ipini da herritarren eskura

Aikor aldizkaria 2014ko uzt. 10a, 11:32
Derioko Udalak “Derio zabaltzen” on lineko plataforma ipini du martxan webgune honetan: zabaltzen.deriokoudala.net. Egitasmoak Udala herritarrengana hurbiltzea du helburu, eta udal gaietan herritarren partaidetza bultzatzea. Hala, derioztarrek udalari buruzko berriak topatuko dituzte webgune horretan, eta herriko kudeaketan modu aktibo batean hartu ahalko dute parte. Azaldu duten moduan, webgune berrian partaidetzari eta gardentasunari lotutako edukiak ipiniko dira herritarren eskura. Gainera, topaketa birtualen bidez, derioztarrek udal ordezkariekin zuzenean hitz egiteko aukera izango dute. Lehenengo topaketa birtuala ekainaren 25ean egin zen. Ordu biko solasaldian, Lander Aiarza Derioko alkateak herritarrek egindako 33 galderei eman zien erantzuna. Jakinarazi zuen moduan, hurrengo topaketa irailean izango da. Era berean, herritarrek beren iritzia eman ahalko dute webgunearen bidez egingo diren inkestetan. Bestalde, “Derio zabaltzen” plataformak “Kalezaindu” atala ere badu. Erreminta horren bidez, hiri-altzariak apurtu badira, aparteko gorabeherarik egon bada edo zerbait hobetu ahal dela uste badute, herritarrek horren berri eman ahal diote Udalari. Gainera, atalak app bat ere badu sakelako telefonorako. Smartphone bat erabilita, derioztarrek testuak eta argazkiak bidali ahal dizkiote Udalari kalean dauden arazoak jakinarazteko. Arduradunek ahalik eta lasterren emango diote konponbidea arazoari. “Kalezaindu” atalari esker, derioztarrek Udalari lagunduko diote hiri-altzariak eta gune publikoak egoera egokian mantentzen. Gardentasuna “Derio Zabaltzen” plataforma handitzen eta hobetzen joango da denboraren poderioz. Hala, aurrerago gardentasunari lotutako beste atal bat zabalduko da eta udal kudeaketaren daturik esanguratsuenak argitaratuko dira: aurrekontuak, gastuak, osoko bilkuretako aktak eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, besteak beste. “Derio Zabaltzen” plataforma Bizkaiko Foru Aldundiko BiscayTIK Fundazioaren eta Derioko Udalaren elkarlanaren emaitza da; “Udala Zabaltzen” tresna pertsonalizatzearen emaitza, hain zuzen ere. Hori BiscayTIK Fundazioak gobernu irekiari eta gardentasunari lotutako ekintzak ezarri nahi dituzten udalen eskura ipintzen duen on lineko plataforma bat da. Plataformari esker, herritarren parte-hartzea errazten da, arina, intuitiboa eta modernoa den lanabes baten bitartez, udalerri bakoitzaren beharrizanetara egoki daitekeena.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).