Youtuberra izateko ikastaroa, Derion

Aikor aldizkaria 2019ko ira. 13a, 15:01

Azkue Fundazioak Youtubeskolak proiektua jarri du martxan Bizkaiko Foru Aldunadiarekin batera. Horrek YouTuben euskararen erabilera zabaltzea du helburu. Izan ere, hori gazteek euren aisian ikus-entzunezko edukiak ikusteko, partekatzeko eta trukatzeko gehien erabiltzen duten kanaletako bat. Herri batzuetan antolatu dira ikastaroak eta horien artean Derion. Han, Kultur Birikan egingo dira urriaren 19an eta 20an.      

Ekimenean parte hartuko dutenek aukera izango dute YouTuben bideoak sortzeko, editatzeko, produzitzeko eta post-produzitzeko eta kanalak sortzeko eta kudeatzeko. Ikastaroetan gai interesgarriak landuko dira benetako youtuber bihurtu nahi dutenentzat, esaterako: Youtuben kontu bat sortzeko urratsak; izena ematea Youtubeko kanaletan, profila pertsonalizatzea, grabaketak eta muntaiak egitea, musika jaistea eta post-produkziorako beste pertsona batzuen irudiak erabiltzea, bisualizazio gehiago izateko estrategiak…

Ikastaroak zortzi orduko jardunaldi bakarrean egingo dira. Derion, urriaren 19an eta 20an egingo da ikastaroa. Izen-ematea www.youtubeskolak.eus webgunearen bidez egin beharko da, irailaren 13tik 30era bitarte. 13 eta 16 urte bitarteko gazteek parte hartu ahalko dute; hain zuzen, 2003, 2004, 2005 eta 2006 urteetan jaiotakoek, eta izena emateko, webgunean jasotako inskripzio-fitxa betetzea baino ez dago.

Tailer bakoitzean 15 plaza izango dira; beraz, herri bakoitzak 30 ikaslek hartuko ditu. Eskaerak plazak baino gehiago balira, zozketaz izendatuko dira. Zozketak tokian toki kudeatuko dira. Youtubeskolak.eus webgunean udalerri eta mankomunitateekin harremanetan jartzeko kontaktuak biltzen dira. Ordutegia: 9:30etik 18:30era, bazkaria etxetik eraman beharko da. Derioz gainera, herri hauetan egingo dira ikastaroa: Durangon eta Basaurin (urriak 5 eta 6); eta Zallan eta Zornotzan (urriak 26 eta 27).

 

Lehiaketa eta jaia

Youtubeskolak proiektuaren baitan, halaber, Youtube bidezko lehiaketa bat abiatuko da, euskaraz. Euskal Herriko 13 eta 16 urte bitarteko gazteek parte hartu ahalko dute lehiaketan. Horretarako, parte-hartzaileek gai zehatz baten inguruko bideo bat egingo dute, zeina objektu eta esaldi batekin osatuko den; esaterako, objektua, egurrezko koilara bat eta esaldia, “aurrerapen teknologikoak izugarriak dira!”.

Lehiaketa abiatuko den egunean bertan, urriaren 28an, iragarriko dugu zein gairen inguruan ardaztuko den lehiaketa.

Sariak hauexek izango dira: 13-14 urte bitartekoentzako Sari Nagusia eta 15-16 urte bitartekoentzako Sari Nagusia. Hirugarren sari bat ere izango da, Youtuber Bizkaitarraren Bideorik Onena. Irabazle biek Iphone 7 Plus bana jasoko dute; eta Youtuber Bizkaitar onenak, GoPro Hero 7 Black kamera.

 

Azkue Fundazioa

Telefonoa: 944 02 80 81

E posta: info@azkuefundazioa.org

Helbidea: Agoiz Plaza, 1, 48015 Bilbo, Bizkaia

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).