Merkatalgune handiek eta erosteko modu berriek kalte handia ekarri diote tokiko merkataritzari, eta denda txiki asko itxi dira. Gabonetako atarian gaudela, Deriocom elkarteak “Derio distingue” kanpaina ipini du abian, herriko merkataritza sustatzeko eta bere garrantzia azpimarratzeko. Horrela, bada, gogora ekarri dute, merkatalgune handiek eta onlineko erosketek ez bezala, tokiko dendek bezeroari espezializazioa eta tratu hurbila eskaintzen diotela. Era berean, giza balioak sustatzen dituzte eta komunitatea sortzen laguntzen dute. Adierazi dutenez, txorierritar guztiek oso hurbil eta eskura dituzte Derioko saltokiak; ondorioz, egunerokotasuna errazten diete eta euren beharrizanei ematen diete erantzuna. Horri lotuta, herritarrak animatu dituzte tokiko saltokiekin lotura estutzera eta zero kilometroko erosketak egitera, erreferente bihur daitezen. Horrezaz gainera, gogorarazi dute herriko merkataritzari lagundu ezean hura galduko dela. Kanpainari datorren martitzenean emango diote hasiera, eta jarduera-eremu Txorierriko garraioak izango ditu. Bailarako 59 markesinatan kanpainan parte hartzen duten saltokien iragarkiak ipiniko dira; saltoki bakoitza, markesina batean. Iragarkiak dendetan ere jarriko dira.
Esther Apraiz Derioko alkatea ere izan da aurkezpenean. Bere esanetan, udalak badaki herriko merkataritza ezinbestekoa dela, besteak beste, aberastasuna eta lana sortzen duelako. Horregatik, garrantzitsutzat jotzen dute tokiko dendei laguntzea, dinamiza daitezen eta lehiakorrak izan daitezen. Horren harira, azpimarratu du Derioko merkataritzak balioak dituela: kalitatea, profesionaltasuna, tratu pertsonalizatua eta hurbiltasuna. Halaber, hurbileko merkataritzaren garrantziaz kontzientziatzea behar-beharrezkoa dela esan du, eta herritarrak animatu ditu Derion Gabonetan ez ezik urtearen gainerako egunetan ere erostera.