BOS eta PAI Bitartean

t: Joanes Camara, gizarteratze-teknikaria 2022ko urr. 18a, 14:05

Emaus Gizarte Fundazioko PAI Bitar­tean zerbitzuak antolatzen dituen ekin­tzen artean beti dago irteeraren bat gu­re eguneroko errutina apurtzen duena, eta ikasteko eta inguruko lekuak eta egi­tas­moak ezagutzeko baliagarria de­na. Az­kena izan da Bilboko Orkestra Sinfo­ni­koa­ren entsegu orokorra ikustea.

Jose Garate “Foisis” Itoiz talde miti­koko baxu-jotzailea izan zen eta gaur egun Bilboko Orkestra Sinfonikoko (BOS) musikaria da. Foisis elkarrizketatu ge­nuen Ganbara Gizarte Irratian eta horri es­ker jaso genuen BOSen gonbidapena. Erik Nielsenek zuzenduta, kontzertua egin­go zuten Marie-Pierre Langlamet harpa­lariarekin batera eta gonbidatu gintuzten Euskalduna Jauregian entsegu orokorra ikustera. Gonbidapen bazterrezina iruditu zitzaigun eta antolatze-lanei ekin genien. 

Ongietorriaren ostean azaldu zigu­ten zer ikusiko eta entzungo genuen. Has­teko, BOSek Andres Isasi musikagile bil­botarraren pieza batzuk, 100 urte zi­tuztenak, joko zituen, eta gero Lan­glamet harpalari frantsesaren musika go­za­tuko genuen, zeina Ukrainako soinu­e­tan oinarrituta baitzegoen. Era be­rean, Eus­kalduna Jauregia eraikitzeko zer­tan inspiratu ziren azaldu ziguten, eta le­kuaren historia kontatu. Askok gene­kie­nez, jauregia dagoen lekuan Euskal­duna ontziola zegoen lehen eta bertan itsas­ontzi asko eraikitzen zituzten. On­tziola ix­tea erabaki zutenean, protesta eta is­tilu handiak izan ziren Bilbon. Oso leku adierazgarria da eta omenaldi moduan ikusi daitezke ontzietako zatiak diruditen txapa-ale handiak eta itsasoan gaudela pentsarazten diguten korridore luzeak eta gune zuri-urdin zabalak.  

Kontzertua hasi eta berehala kontura­tu ginen musikak harrapatuta geundela, eta biolin, tronboi eta danborren artean arin-arin pasatu zitzaigun saioak iraun zuen ordubetea. Gainera, eserlekuak mu­si­ka­riengandik oso hurbil ipini ziz­ki­gutenez, erreparatu ahal izan ge­ni­en haien eskuen mugimenduei eta taldeki­de­en koordinazioari eta zehaz­ta­sunari. Ha­laber, izugarrizko abileziaz ar­tista na­gu­siak jo zuen harpak ere txunditu gintuen.  

Euskalduna Jauregitik liluratuta eta oso eskertuta atera ginen. Oso goiz atse­gina izan zen eta espero dugu esperientzia behin baino gehiagotan gozatu ahal izatea. PAI Bitartean zerbitzuko erabil­tzai­leek eta langileek BOSi eskertu nahi diogu emandako aukera.