Langileek lan-baldintzak eta ematen duten zerbitzua hobetu nahi dituzte. Horretarako, batez ere hiru eskaera egin dituzte gaur, Derion. Lehendabizi, ordu erdiko bisitak luzatu nahi dituzte, tarte horretan pertsonak behar bezala artatzeko “denborarik ez baitago”. Bigarrenez, osagarri ekonomikoa lortu nahi dute autoan ibiltzeagatik. Izan ere, euren ibilgailua erabili behar dute eta, nahiz eta gasolina ordaindu, autoak gastu asko ekartzen ditu. Hirugarrenez, langile bakoitzari zonalde zehatz bat ematea eskatu dute. “Batzuetan, egun berean zerbitzu bat dugu Lezaman eta beste bat, Sondikan. Ez dauka zentzurik, denbora luzea alferrik galtzen delako: leku batetik bestera joatea, aparkaleku bila ibiltzea... Eta horri gasolinaren gainkostua gaineratu behar zaio...”.
CCOO eta UGT sindikatuek maiatzean sinatu zuten hitzarmena, baina horrek oso soldata-igoera txikia ekarri du, eta ez ditu lan-baldintzak hobetu. “Esan dute % 17,5eko soldata-igoera lortu dutela, baina ez da egia, igoera hori hemendik bost urtera delako. Lehenengo urtean, esaterako, soldatak % 2,5 baino ez dira igoko; bigarrenean, % 3; eta horrela hurrenez hurren. Bestalde, ez da lan-hobekuntzarik lortu”, esan dute langileek.