Izartzako auzo eskola (II)

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Eguskizaga 2026ko ekainaren 8a

"Landaren erdian, landa berde horren erdian, inguru aberatsean, euskal mendiak inguratzen dabezen intimitate estuan, ume euskaldunek egunero sei ordu igaro behar dabez usain txarreko eraikin batean, airerik eta argirik barik, hizkiak eta izpiritua atzerrikoak dabezen liburu bati arreta emanaz, maisu-maistren hitzak ulertu barik…Eskola horretan, ikasleek eta maisu-maistrek ez dabe elkar ulertzen; urteak daroaz elkarbizitzan, baina ez dira komunikatzen.”(María de Maeztu: Enseñanza primaria, II Congreso de Estudios Vascos).

Ba, bai, horreri gehitu behar jakon baserritik edo auzotik eskolara joateko sarritan hiru kilometro edo gehiago bide txar batetik ibili behar zirela, eta sarritan gainera, Luis Eleizaldek, orduko Hezkuntza Inspektoreak, esanda, pedagogía despotikoa bat jasateko. Hori da eta, erreza zan ulertzea bertaratze falta ugari izatea edo horren ondorioa Biz-kaian analfabetismoa handia egotea.

Baldintza horretan, landa eremuan, batez be, egin behar zana oso grafikoki azaldu eban ahaldun nagusiak: “Mendiak eskolara joan ezin baeban, eskola joan behar zan mendira”.

Pentsaera horregaz erradikal liberala zan Juan Gallano diputatuak 1919ko azaroaren 26an ehun auzo eskola (50 mutilentzat eta beste 50 neskentzat) bost urtetan eraikitzeko mozioa aurkeztu eban eta hurrengo urtean diputatu guztien botoagaz, baita monarkikoekaz, onetsia izan zan. Obrak berehala hasi ziran Mendatako Albiz eskolatik hasita (1921ean) Izartzako eskolararte, hau 100.a izanda (1928an). Errepublika garaian beste 28 egin ziran.

Pedagogia aldetik esan daiteke Eskola Barriaren metodoak erabiltzen zirala: gorputz-zigorrik ez, sistema memoristikoa bez…eta euskera aldetik elebitasuna izango litzateke helburua, euskal eremuan euskeraz irakatsi, gaztelania derrigorrezko ikasgaia izanik, eta gaztelaniazko ereduan gaztelaniaz erabili eta euskara hautazko ikasgai bakarrik.

Baina 1917an, nazionalistek gehiengoa lortu ebenean, sustatuko planteamendu hau, monarkikoek 1921ean atzera bota eben, 1919an Diputazioko gehiengoa lortu eta gero. Ordutik, gaztelania eta gaztelaniaz idatzitako testuliburuak bihurtu ziran eskolen ikasteko bakarrak. Halandabe, Errepublikan zeozer berreskuratu zan, Izartzako liburutegi ibiltarian 169 liburu egoen, horretariko 30 euskeraz idatziak.

Irakurri lehen zatia, hemen