Pegasus: Jaime Bond gure sakelan

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Díaz 2022ko api. 22a, 08:43

Espioien filmetan agertzen diren zenbait trikimailuk gehiegikeria diruditen arren, batzuetan errealitatea eta fikzioa ez daude bata bestearengandik hain urrun. Toronto Unibertsitateko “The Citizen Lab” ikerlari taldeak salatu duenez,  Estatuko hainbat politikari eta aktibista Pegasus eta Candiru spyware-aren bidez zelatatu dituzte. Haien artean daude Arnaldo Otegi eta Jon Iñarritu euskaldunak, Europako Parlamentuko kideak eta Kataluniako presidenteak, legegileak, legelariak eta gizarte zibileko erakundeetako kideak. Ikerketan erabilitako metodologia Amnistia Internazionaleko Tech Lab-ek balioztatu du. Baina zer dira Pegasus eta Candiru aplikazio horiek?

Pegasus malwarea edo programa kaltegarria da, Troiatar eta Zero-Klik erakoa. Troiatarrak dira gure gailuetan guk jakin barik instalatzen diren programak. Erasotzaileak urrunetik kudeatzen ditu eta nahi duenean konektatu daiteke gure gailura, eta hori kontrolatu. Gainera, Pegasus zero-klik erakoa da. Gehienetan, zerbait egin behar da troiatar bat instalatzeko: SMS bidez bidalitako lotura bat klikatu, jatorri ezezaguneko app bat instalatu, phishing mezu bati erantzun… Zero-klik direnen kasuan, berriz, nahikoa da Wi-Fi edo troiatarra duen beste sare batera konektatzea, eta guk ezer egin barik instalatzen dira. Behin instalatuta, deien jarraipena egin dezake, kokapena, kamera era mikrofonoak atzitu, eta mezuak, pasahitzak eta aplikazioen informazioa bildu. Gainera, antzeman dutela susmatzen duenean, gai da bere buruz eta bildutako datu guztiak ezabatzeko eta erasotzailearen arrastoa ezkutatzeko. 

Candiru , bestalde, nahiko konpainia ezkutua da: ez dauka webgunerik eta gutxi jakiten da berari buruz. Enpresaren dokumentu bat filtratu da eta, horren arabera, Pegasus softwarearen antzera, bere malwarea gai da gailu batean instalatzeko eta datuak biltzeko, beraren eta erabiltzailearen artean ia elkarreraginik egon barik.

Ikerlariek baieztatu dute programa horiek 2017-2020 urteetan erabili direla. Programen atzean Israelgo enpresak daude. Euren esanetan, zerbitzua bakarrik gobernuei eta inteligentzia agentziei eskaintzen diete, beti ere terrorismoaren eta erakunde kriminalen aurka egiteko; hala ere Emmanuel Macronen telefono-zenbakia Pegasus Proiektuaren “Person of Interest” datu base batean agertu zen 2021ean. The Citizen Lab-ek ez du lortu erasoa modu eztabaidaezinean entitate batekin edo bestearekin lotzea, baina, euren esanetan, ebidentzia sendoek iradokitzen dute Espainiako Gobernua nahasia dagoela.

Helburu komertzial zein politikoak direla, geroz eta kontu handiagoz ibili behar dugu sakelako telefonoekin. Gure pribatutasuna kolokan dagoela aspaldian nabarmentzen gabiltzan arren, hau larriagoa dela pentsatzen dut. Kasu honetan, gainera, gure segurtasuna aitzakiatzat hartuta, erasotzaileak dira babestu behar gaituztenak. Jaime, egon zaitez nire sakelatik kanpo!

 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).