Zarata handirik ateratzen ez dutenak, elektrikoak, bertikalean aireratzeko eta lurreratzeko gai direnak, eraikinen artean erraz mugitzeko modukoak… Teknologiak erronka horiei aurre eginez joan da eta badira esandako ezaugarriak betetzen dituzten prototipoak. Vertical Aerospacek VX4 prototipoa[i] dauka, eta Joby enpresaren prototipoa[ii] bidaia komertzialak egiteko ziurtagiriak lortuz doa (daukaten asmoa da 2024an ekoizten hastea). Bestalde, hainbat prototipo eta hegaldi egin ondoren, Airbusek esan du CityAirbus NextGen hurrengo urterako egongo dela prest. Eta gurean, aerotaxia du Tecnaliak.
Hainbat tamainatakoak, batzuek hegazkin txiki baten itxura dute eta helizeak aurrera zein gora begira jarri daitezke; beste batzuek, berriz, ikusi ohi ditugun dronen itxura dute eta hainbat helize, 4tik 16ra bitartean. Gehienetan ez da beharrezkoa gidaririk egotea eta batzuk urrunetik kontrolatu daitezke; gainera, pilotu automatiko sistema autonomoak garatzen hasi dira.
Dronak gogorarazten dizkiguten era horretakoa da Tecnalian garatutakoa[iii]. Lau beso ditu, bakoitza lau helizeduna, eta pertsona bat edo 150 kg-ra arteko kargak garraiatzeko gai da. 100-300 metroko garaieran hegaz egiteko diseinatuta dago eta 190 Km/h-ko abiaduraraino iritsi daiteke.
Porsche Consulting-en ikerketa baten arabera, 2035ean 32.000 milioi eurokoa izango da aireko taxien negozioa, baina horien etorkizunaren inguruko zalantzak ere badira.
Alde batetik, aireko taxien nolakotasunak zabaltzean behin eta berriz aipatu da ez dutela karbonorik isurtzen, baina ez da guztiz horrela: elektrikoak direnez, erabiltzeko momentuan karbono-izurtzerik ez dagoela egia bada ere, oraingoz, behintzat, karbonoa isurtzen duten energiak eta lehengaiak erabiltzen dira, taxi horiek egiteko eta baliatzen duten energia elektrikoa lortzeko. Beste aldetik, zelan arautuko da gure herri eta hirietako espazioa[iv]? Airez bidaiatu ahal izateak gure hirien trafikoa erraztuko du benetan?
Etorkizunera itzultzea (Back to the Future) pelikularen bigarren atalean Delorean autoa lehenengoz hegaz ikustea itzela izan zen. Baina gidabaimen “normala” ateratzea zaila dela kontutan hartuta, nolakoa izango ote da halako traste batena ateratzea?