TEKNOLOGIA

Haizea uztatzen

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Díaz 2025eko azaroaren 19a

Irailean, Gobiko basamortuan euren eguneroko zereginetan zenbil- tzaten elur lehoi-nabar, gamelu eta muskerrak aho bete hortz gelditu ziren.  Bost egunez, Beijing Linyi Yunchuan Energy Technology Txinako enpresak, S1500 aerostatoa testatzen ibili zen, 60 metroko luzera eta 40 metroko zabalera eta altuera dituen 1MWko haize-sorgailu flotagarria.

Gure mendietan ikusten ditugun errotak jasangarritasun eta autonomia energetikorantz ditugun aukeretako bat dira. “Doako” energia “garbia” eta berriztagarria.

“Doakoa”, kakotx artean batetik egitura erraldoi eta garestiak direlako. Bestetik, hedapenerako azpiegitura berriak ezarri behar direlako, gehienetan aparteko lekuetan kokatzen baitira.

“Garbiarekin” antzera. Ezin ahaztu hegaztietan duten inpaktua, zein azpiegitura horiek ekosistemetan dutena. Gainera, balio-bizitza amaitzean, dituzten osagai eta materialak ez dira birziklatzeko errazak.

Qian Xuesen MITen ikastera exiliatutako ingeniari txinatarra izan zen. Naiz eta Estatu Batuetako astronautika modernoaren sustatzaileetako bat izan, McCarhysmoa dela eta Txinara deportatu zuten 1955ean, non programa espazialaren eta misilen industriaren aita bilakatu zen.  1957an Quian-ek haize-sorgailu flotagarrien printzipioak proposatu zituen arren, saiakerak ez dira arrakastatsuak izan. Orain arte.

67 urte geroago, bere ideiak gauzatu egin ziren S500 prototipoarekin, eta orain, egitura malgua eta eraztun-hegalezko gorputza duen S1500 puzgarriak munduko haize-energiaren erabilera-koefiziente handiena lortu du.

Altuera handietan, haizeen abiadura eta egonkortasuna handiagoak dira, hortik etekin nabarmen hauek. Gainera, globo hauek ez dira oso pisutsuak, ekaitzik badator, erraz batu egiten dira, eta erraz garraiatzen dira. Zabaltzea berriz, oso denbora laburrean egiten da: globoa helioz bete eta kableak apurka askatu, behar den altuera arte.  Oso egokiak beraz estaldura elektrikorik ez duten eremuetara, zein azpiegiturak suntsitu dituen katastrofe bat gertatu den leku batera eramateko.

Proiektuak, hainbeste oztopo gainditu beha izan ditu, ala nola mobilitatea eta egonkortasuna bermatuko dituzten motore arin eta kontrol adimentsuak garatzea, kilometroetako luzerako boltaje handiko kable erresistenteak fabrikatzea edo muturreko egoera klimatikoak jasateko gai diren material eta egiturak diseinatzea.

Oztopoak oztopo, irailaren 19 eta 21 bitartean, 100kWko 12 ekipo elektrogeno dituen eta 1000 m-ko altuerara jarduteko prestatuta dagoen S1500 zepelina testatu zuten. Hor ibili zen haizea uztatzen, gau eta egun, haize indartsuetan murgilduta.

2026rako aurreikusten dituzte lehenengo salmentak, hurrengo urratsa, berriz, 10.000 m altuerara iristea da, estratosferaren mugara, non iraunkorrak izango ziren instalazioak “eskegitzea” den helburua.