Umetan bihurritxoa izan bazinen, kiroletan ibilitakoa bazara, X generaziokoa edo zaharragoa… Ziur asko lehen eskutik ezagutuko dituzula erradiografiak eta eskanerrak. X izpiek gure gorputza zeharkatzen dute, eta hezurretako kaltzioak ondo xurgatzen dituenez, argazki plakan ondo ikusten dira. Eskanerrak berriz, eremu magnetiko handiak erabiltzen ditu ehun desberdinak ere bereizi ahal izateko.
Agian tomografia bat ere egingo zizuten, kasu honetan hainbat erradiografia egiten dira ebakidura desberdinak eginez, txorizo bat ebakitzen dugunaren antzera, eta gero konputagailu batek denak elkartu eta 3D irudi bat eraikitzen du.
Medikuntza nuklearrean berriz, erradioaktiboak diren sustantziak gure gorputzera sartzen dira, hauek atal berezietan metatzeko joera dute eta detektagailu batzuek jasotzen dituzte euren igorpenak.
Gammagrafian, adibidez, zenbait erradiofarmako erabiltzen dira ehun edo gorputz atal jakinetara joaten direnak. Kamera berezi batek igorritako erradiazioa jasoko du, ehun edo atal horren egoera ikusteko. Hezurrak aztertzeko, adibidez, hauetara lotzeko joera duten biifosfonatoak erabiltzen dira, hauei gama izpiak igortzen dituen teknezio 99m-a lotzen zaie. Kamerek erradiazioa jaso eta hezurren egoera erakusten dute: minbizirik dagoen, x-izpien bidez detektaezinak diren hausturak dauden, …
PET, Positroi-igorpenaren bidezko tomografian, positroiak askatzen dituzten sustantziak erabiltzen dira. Adibidez, fluor18 isotopoa glukosarekin elkartzen da antzekoa den fluorodesoxiglukosan. Tumoreak aseezinak direnez, hor pilatuko da azukre hau, igorritako positroiak euren anti-partikula diren elektroiekin elkartzean elkar deuseztatu eta gamma izpiak igorriko dira. Detektagailuek erradiazio hau jaso eta tumoreen dentsitatearen 3Dko irudia sortuko dute.
Badira medikuntza nuklearreko beste teknika batzuk, funtsa antzekoa denetan: erradiazioa igortzen duten sustantziak. Eta hauen arazoetako bat hori da.
Sustantzia erradioaktiboak ekoiztea ez da erraza. Alde batetik, prozesuek tresna teknologiko oso konplexu eta garestiak behar dituzte. Bestetik erradiazioa bera.
Sortzen diren unetik, oso energetikoak diren izpi eta partikulak igortzen dituzte, guretzako kaltegarriak direnak. Garraioa ezin da edonola egin, ondo babestuta joan behar dira beti. Gainera, apurka, apurka erradioaktibitatea motelduz doa, beraz ezin dira denbora luzean gorde erabili barik. Bestalde, erabiltzen direnean, kontu handiz ibili behar da, eta naiz eta prozesu bakoitzean jasotzen dugun maila baxua izan, kontrolatu behar da osatzen lagunduko digun honek, kaltegarri bilakatu ez dadin.