Ez arma jostailurik erosi, deabruak kargatzen ditu eta

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Díaz 2026ko martxoaren 23a

Freepik

Herbehereetako  defentsa ministroak, F35 ehiza-hegazkin amerikarra iphone bat bezala “jailbreakeatzea” posible dela adierazi du (hau da, bere tripa informatikoetan sartu eta aldaketak egitea). Ez da adierazpen makala, horrelako jostailuen artean aurrenetarikoa baita, eta hainbat herrialdek erosi dute jada.

Autoak bluetooth, zein GPS sareetara konektatzeko, marrak zapaltzen ari garenez ohartu edo ibilbideak zehazteko aukerarekin datozen antzera, gailu hauek ere sare militar bereziak erabili, radar zein GPS seinaleak atxitu edo objektiboak bilatu, apuntatu eta erasotzeko prestatutako software eta hardwareak erabiltzen dituzte…. Beste tresna bat baino ez dira, eta auto zein etxeko gailuekin gertatzen den bezala, oinarrizkoak euren funtzionamenduan.

Erabilera erraztuz, gure bizitza erosoagoa edo seguruagoa egitea helburu dute, baina bere arriskuak ere badituzte. Zer gertatuko litzateke norbaitek gure trasteetara konektatu eta kontrola hartuko balu? Gure etxeko tenperatura igo edo jaisten hasiko balitz? Kotxearen balaztekin olgetan hasi? F35 horren misilekin?

Horretarako, denek segurtasun neurri aurreratuak izaten dituzte, komunikazioak zifratuta egoten dira eta bide biometrikoak (hatz marka, begi ninia, …) behar dira sistemara sartzeko besteak beste.  Baina %100 segurtasuna bermatzerik ez da, hackerrei atea guztiz ixtea ezinezkoa.

Beraz, ministroak esandakoarekin, hacker batek 180 miloi dolar balio duen horrelako harrapakari metaliko baten kontrola hartu lezake? Bai… baina ez.

Hasteko, posible izateak ez du esan nahi benetan egiteko modukoa denik. Hegazkinerako sarbidea beharko genuke, eta ez momentu batez bakarrik. Gainera, "jailbreakeatzeak" atea zabaltzen dizun arren, horrek ez du esan nahi kontrola guztiz edukiko duzunik. Sistema oso konplexuak dira, hainbat sareetara konektatzen direnak, hardware integrazio bereziak dituztenak… Horiek denak ulertu barik, gaitza ezer egitea.

Arriskua beste leku batetik etor liteke
Ukraniako gobernuaren kezka batetik abiatuta, F35 hegazkinek software bidezko urruneko “kill switch” (itzaltze botoi) bat ote zeukaten zabaldu zen. Lockheed Martin enpresak, hegazkinaren egileak, albiste hori gezurtatu du, noski, salmentak kolokan jarriko bailituzke. Baina, nork daki?

Erabiltzen duten software eta hardwarea denak dira itxiak, hau da, erosi arren erabili baino ezin dituzu egin, erosleak ezin ditu moldatu edo egokitu. Ezin dugu jakin, barruko prozesu zehatzak zelakoak diren.  Hau da, Windows edo MacOS sistema eragileekin gertatzen den bezala, naiz eta “geureak” izan, ez daukagu tripetara sartzerik, ezin ditugu geure behar konkretuetara egokitu eurak ez badute nahi (euskaratu adibidez), eta ezin dugu ziurtatu informazioa biltzen eta bidaltzen ari ote diren.

Makina hilgarri hauetako bat eskuratzen duzunean, saltzailearen menpe zaude erabat. Mantenua egitea ez da kontu makala, ordezko piezak eurak baino ez baitituzte egiten, eta funtzionamendurako derrigorrezkoak diren software eguneraketekin berdin.

Bukatzeko kontu bitxi bat: urrunetik kontrolatzea ezinezkoa dela egiazta ezin dezakegun arma izugarri garesti horren softwarea egokitzeko aukera, AEBk soilik herrialde bati eman diote: Israeli.