Etxeko hozkailuak energia behar du barruko elikagaiak hozteko. Objektuek inguruko tenperaturara hurbiltzeko joera dute, eta berezko joera hori aldatzeko energia behar da.
Hozkailuetan zirkuitu itxi batean dagoen gasaren presioa jaisten dugu konpresore batekin eta, ondorioz, hoztu egiten da. Zirkuitu hori hozkailuan zehar doa barruan dituen elikagaiak hozten.
Hozte erradiatibo pasiboko materialen kasuan, bi efektu konbinatzen dira. Alde batetik, iristen zaien energiaren zati bat islatzen dute, ispiluen kasuan argi ikuskorrarekin gertatzen den bezala. Baina hori ez da nahikoa, kantitate bat beti xurgatzen baitute.
Bestetik, energia igorri behar dute. Baina hori gorputz guztiek egiten dute, material horien berezitasuna da xurgatzen dutena baino gehiago igortzen dutela. Balantze energetikoan, beraz, galera bat dago eta horregatik tenperatura jaitsi egiten da.
Ez pentsatu kontu hau berria denik. Aspalditik, izotzaldia zetorrenean, nekazariek urez betetako baldeak jartzen zituzten mahastietan eta fruta-arbolen artean. Ura izozten denean, energia igortzen du, eta, horri esker fruituak eurak izoztea saihesten zen.
Teoria, beraz argi dago, baina praktika ez da hain erraza. Hasteko, islatzaile onak izan behar dira, bereziki ikuskorrean eta infragorri hurbilean, hori baita gorputzak berotzen dituen Eguzkiaren argi-erradiazioa. Aldi berean, infragorri termikoaren igortzeko gaitasun handia izan behar dute, hau baita atmosferan zeharkatzeko gaitasun handiena duena, eta horrela ihes egingo du ingurua berotu barik. Bukatzeko iraunkorrak izan behar dute, ingurumen baldintzak jasateko gai.
Hasieran garatu ziren margo eta morteroek nahiko emaitza onak ematen zituzten, batez ere islatzeari dagokionez. Garatu berri diren eta pintura moduan erabili daitezkeen polimero porotsuekin egindako probetan tenperatura 9,2º hoztea lortu zen eta Lhasa hirirako egindako simulazio digitalek urtean %20,3rainoko aurrezpena lor daitekeela iradokitzen dute.
Aplikazioak asko dira: eraikinetan, karrozeria hotzagoak autoetan, laborantzak muturreko tenperaturetatik babesteko, zaurietan tenperatura erregulatzen duten aposituak, ura hozteko panelak… Ea txapeletan ere jartzerik dagoen!