Globalizazioa: <b>viaje de novios</b> Larrabetzutik Santurtzira

Aikor aldizkaria 2013ko eka. 24a, 10:43

Testua: Juan Luis Goikoetxea; irudia: Aritz Albaizar

“Mikelen amama -Mikel Zaraterena- eta nire amama -dino Pedro Urtiagak- ahiztak zoazan, Larrabetzukoak, Sústikoak. Gure amamak esaten joan -darrai Pedrok- ezkondu ziranean Viaje de novios Santurtzira joan zirala. Aiko hemen lehengo ezkontza bidaien eredua. Larrabetzutik Santurtzira joateko ez zan behar agentziarik, ez hegazkinik, ez bost izarretako hotelik. Gaur egun, ostera, Seychelles uharteetaraino joaten dira bikote ezkonduak; uharte paradisiakoak ikusten; tropikoko oihanetan zehar txangoak egitera; koralezko uharrietan murgiltzen. Azken baten, bidaia exotikoak eginez erlaxatzen; harea zuri-basatietan etxunten; 900 espezietako arrainak banan-banan erre eta jaten; pertsonako 3.600 € ordainduta hamar egun ametsezko bizitzen. Geozentrismoan eguzkia ebilen lurrari birak emoten. Gero, heliozentrismoan lurra bera eguzkiari biraka. Gaur eguneko bidaiazentrismoan, turistak hasi gara lur-globoaren inguruan bueltaka. Barria, urruna, exotikoa da eguneroko errutinaren antidotoa eta bidaietako filosofia: “Joan eta etorri, kapela gorri”. Ezagutu neban nik Txomin Torroto, porturik portu munduan marinel ibilia eta etxeratu zanetariko baten, taberna bazterrean zala, itaundu eutsiena: -Mundu zabalean ibili haz hi Txomin, ezta? -Bai, ikusi joazat Shangai, Singapur, Hong Kong. Jebel Ali, Rotterdam, Hamburgo, Puerto Juárez..., portu asko. -Orduan, Txomin, hik ondo jakingo dok geografia. -Bai, han bere egon nok! Nor joan leitekeen gaur, orduko amamen ilusinoagaz Viaje de noviosen Larrabetzutik Santurtzira!