Gaur arkeologi indusketak hasi dira Gaztelumendin, Burdinazko Hesiaren aztarnetan

Aikor aldizkaria 2018ko ira. 4a, 11:39

Lanak Gaztelumendin dagoen lubakian egingo dira hilaren lehenengo hamabostaldian. Larrabetzuko Udaletik jakinarazi duten moduan, lubakia garbitu eta lehengoratuko da eta lanetan Aranzadi Zientzia Elkarteko sei aditu arituko dira: arkeologo bi eta zulotze lanetan ibiliko diren lau tekniko. 

Aranzadikoek azaldutakoaren arabera, lan konplexuak izango dira, garbituko den eremua estua delako, eta material arriskutsua topatu litekeelako. Hori dela-eta, lanak aurrera egin ahala, erabakiko dute auzolanerako deia egiten duten edo ez.  

Egitasmoak 15.730 euroko aurrekontua du eta hori Larrabetzuko Udalak finantzatuko du, Gogora Memoria Institutuari eskatutako diru-laguntza erabilita. Arkeologi txostena eta Bizkaiko Foru Aldundirako txostena egitea ere badaude proiektuaren barruan.  

Azken urteotan hainbat jarduera egin dira Larrabetzuko memoria historikoa berreskuratzeko. “36ko gerraren hainbat aztarna ditugu herrian eta, pixkanaka bada ere, horiek guztiak babestu eta beren balioa azpimarratzeko eginahaletan dabil Larrabetzuko Udala, udalerriko hainbat herritarrekin batera. Hortaz, Gaztelumendiko aztarnen garbiketa norabide horretan egiten den lehen urratsa da”, esan dute Udaletik.

Bestalde, gogora ekarri dute 36ko gerrari eta gerra osteari buruzko informazioa eta lekukotzak jasotzen dabiltzala, eta lan horretan herritarren laguntza beharrezko dutela. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).