200 lagun batu ziren Lezaman zabortegiaren kontra

a: Lezama Bizirik 2022ko eka. 20a, 11:04

Lezamako hainbat elkartek eta eragilek deituta, atzo, ekainak 19, herri-ekintza egin zen Eguskitzaren inguruan, zabortegiaren kontra eta Eguskitza errekaren alde. Aldarrikapen-ekitaldian 200 herritar inguru batu ziren, eta gehienak lezamarrak baziren ere, Txorierriko beste herri batzuetako lagunak ere hurbildu ziren hara; esaterako, Deriokoak eta Larrabetzukoak.

Manifestazioa 10:00etan irten zen Lezamatik eta bertan 150 bat lagunek hartu zuten parte. Eguskitzaren ingurura abiatu ziren, eta izen bereko baserrian beste modu batzuetan gerturatutako lagunekin elkartu ziren. Baserriko eremutik bertatik azaldu zituzten zabortegiaren proiektuaren ardatz nagusiak. “Oso argi ikusten da zabortegiak hartuko lukeen lur-eremua, zuhaitzak moztu eta garbiketa egin dutelako”, esan dute antolatzaileek. Handik Eguskitza errekara joan ziren bere jariatzea ikustera. Izan ere, URA Uraren Euskal Agentziaren txosten baten arabera, proiektuak “Uraren Araudia betetzen” du; hala ere, Lezamako Udalak eskatutako beste txosten batean jaso denez, proiektuak ez lituzke URAren irizpideak beteko, “errekaren jariatzeak 0,58 kilometro koadro hartzen dituelako, jariatze iraunkorra baita eta XX. mendean ur-hornidura publikoaren parte ziren iturburuak eta hartuneak baititu”. Gainera, udal-txostenean azaldu moduan, zabortegia bertan egitea bideraezina da, ez dituelako hurrengo arau hauek betetzen: lurralde-antolamendukoak, planteamendukoak eta ingurumena babesteko legeriari lotutakoak.

Parte-hartzaileak 12:00etan Eguskitza baserrian berriro batu ziren, eta ekintzaren antolatzaileek sinbolikoki sinatu zuten udalak iaz egindako adierazpen instituzionala. “Modu horretan adierazi nahi izan genuen zabortegiaren kontrako borrokaren protagonismoa udaletik gizartera pasatzen dela, eta kolektibook erronka gure egiten dugula”. Bestalde, Josemi Elorriagak, Eguskitza baserriaren azken bizilaguna izan denak, hitzalditxoa egin zuen. Azkenik, erromeria, trikitia eta kopaua izan ziren aldarrikapen-ekitaldia biribiltzeko.    

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).