Lezamako Mugetatik lasterketak kamiseta aurkeztu du

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 26a, 11:30

Gutxiago falta da Lezamako Mugetatik lasterketa egiteko. Aurten, irailaren 3an, domekan, egingo da hamazazpigarren aldiz eta izena emateko epea irekita dago esteka honetan. Antolatzaileek edizio honetan korrikalariek jantziko duten kamisetaren diseinua aurkeztu dute gizarte-sareen bidez. Lasterketa puntuagarria izango da 2023ko Bizkaiko Mendi Lasterketen Ligarako.

Kamisetaren kolore nagusia gorria da, baina eskuinaldean, bai aurretik bai atzetik, marra lausotu beltz bat ere badu. Kamisetak ez du mahukarik, korrikalariak erosoago ibiltzeko. Gainera, eskuinaldeko sorbaldan ikurrina dago, eta bularrean, lasterketaren izena. Atzeko aldean, beheko aldean, logoa dago ikusgai, hau da, M erraldoi bat eta, gainean, korrikalaria.

Betiko moduan, 25 kilometroko lasterketa eta martxa antolatuko dira, baina horietaz gainera, aurten, lehendabiziko aldiz, 14 kilometroko lasterketa ere egingo da gazteentzat. Gainera, lehiatik kanpo, beste saio bi ere antolatu dira: batetik, 25 kilometroko mendi-martxa; eta bestetik, txikien ibilaldia, Lezamako eskolako gurasoen elkartearen laguntzari esker antolatuta. Horretarako, ibilaldi polita antolatuko da Ganguren edo Gaztelumendi mendien inguruan.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).