“Lezamarren laguntasun barik, ezin izango nuke liburua aurrera eraman”

Mikel Reina Barros

(Aner Mentxaka Alvarez)

Jon Andoni Llodio Garmendiak eta Jon Llodio Ladislaok ‘Lezamako baserriak eta etxeak’ liburua argitaratu dute. Irailaren 18an aurkeztu zuten herritarren artean, Kultura Aretoan. Egileek ehunka argazki batu dituzte, dokumentuak aztertu, herritarren oroitzapenak jaso dituzte, hau da, historia berreskuratzen saiatu dira. Bidean, lagun, familia eta herritar askoren laguntza izan dute. 

Nondik dator ‘Lezamako baserriak eta etxeak’ liburua idazteko ideia?
Duela bost urte Zornotzan, bertako baserrien inguruko liburu bat argitaratu zuten. Orduan, nik nire buruari galdetu nion: zergatik ez egin Lezamako etxe eta baserrien inguruko liburu bat? Hori izan zen abiapuntua. Gainera, nire aititeri zin egin nion noizbait Lezamako etxe eta baserrien inguruko liburu bat idatziko nuela. Eta hitzematea egi bihurtzea lortu dut, kostata, baina lortu dut. Alde horretatik, oso pozik nago.

Ideia izatea gauza bat da, baina gero liburua egin beharra dago.
Bai, horregatik, lehenik eta behin, Lezamako Udalera jo nuen informazio bila. Udaletxean artxibo bat zeukaten, argazkiena batez ere, eta hari horretatik tiraka gero eta informazio eta baserri gehiagoren berri izan nuen. Horrela, eta herritarren laguntzarekin, iturri sare handi bat lortu dut eta batzuen eta besteen artean baserrien inguruko xehetasun gehiago lortzen joan naiz. Azkenean, galderak egitea izan da gakoetako bat. Udaletxean bakarrik ez, bestelako artxibo historikoetara ere jo dut, baita Internetera ere, azkenean gaur egun bertan dagoelako ia guztia. Baina dena testua ez izateko, argazkiei ere garrantzi handia eman diet, lehengo argazki asko lortu ditut eta oraindik zutunik dauden askorekin konparaketa egin dut gaur egungo irudia jarriz. Apurka joan naiz dena lortzen.


Angetu etxea

Hau da, prozesua luzea izan da. Zenbat denbora eman duzu?
5 urte izan dira. Gainera, ni ez naiz Lezaman bizi, baina aita bai, sagardotegiko jabea da, eta bide horretan ere asko lagundu dit, herrian askok ezagutzen dutelako. Orduan, ahoz aho, Lezaman ezagutzera eman da esku artean nuen proiektua eta asko izan dira bere alea jarri nahian nire aitarengana hurbildu direnak informazioa ematera edo irudiak erakustera. Horrez gain, ofizialtasun baten bila, Euskaltzaindiara jo genuen eta guzti.

Zein izan da prozesua pausuz pausu?
Lehenengo, Lezamako udaletxera jo nuen, bertan, herriko baserrien argazkiak bidaltzeko eskakizun bat egin nuen, eta haiek irudiak bidali ahala, ni sailkatzen joan naiz. Horrez gain, Txatxu Vicario argazkilariaren semeari ere argazki asko eskatu dizkiot. Jesus Beitia edo Maria Antonia Gangetu bezalako lezamarren bitartez ere irudi asko lortu ditut. Bestetik, baserrietara ere joan naiz bertakoei aspaldiko argazkiak eskatzen eta bidez batez, konparazioa egiteko, gaur egungo irudiak hartzen. Lan nahiko osoa dela esango nuke. 8-10 baserriren argazkiak ez ditugu aurkitu, baina norbaitek izaterakoan horiek ere oraindik nahiko genituzke. Kasu askotan, Espainiako Gerra baino lehen botatako eraikinak dira, beraz, zaila izango da.

Dinozunaren arabera, laguntza handia izan duzu prozesu guztian zehar.
Bai, eta oso eskertuta nago, lezamarren laguntasun barik ezin izango nuke liburua aurrera eraman. Gainera, behin lagundu ostean, harremanetan jarraitu dugu eta interesa erakutsi dute liburuaren prozesuan eta azken emaitzan. Kolaborazio sare hori barik, oso zaila izango zen hain liburu zabala idaztea, badagoelako informazio asko artxiboetan edota Interneten ez dagoena. Haiek dira protagonistak.

Ateak zabalik aurkitu dituzu baserrietan, ezta?
Bai. Hasieran, beti da arraroa ezagutzen ez duzun norbait zuregana hurbiltzea baserriaren inguruko informazioaren bila, baina gero laguntzeko prest agertu dira. Berriro diot, haiek dira protagonistak, baserri bakoitzaren atzean historia eta istorio bat dagoelako. Eta hori, niretzako, liburu bat baino, katalogo bat dela gehiago. Hau da, nire helburuetako bat zen lezamako etxebizitzen inguruko erregistro bat izatea, edozeinek erabili dezan etorkizunean. Lanketa hori egiten ari naizela esaterakoan ateak ireki dizkidate eta nire aitari esker beste horrenbeste.


Elorriagatxikerra baserria

Eta erakutsi zenien liburua aurkez- pena baino lehen?
Bai, gutxi batzuei bai eta oso polita eta interesgarria dela esan didate. Gustoko izan dute. Beti da polita zure herriko eta etxeko argitalpenen bat egitea.

Alde horretatik, irakurlearentzat, beti da eskertzekoa testua bakarrik ez, irudi asko egotea, ez?
Bai, hori zen apur bat ideia. Eta ez bakarrik aspaldiko irudiak, batzuetan ezinezkoa izan dela lortzea. Gaur egungo egoera ikusteko eta konparaketa egiteko ere aukera ona iruditu zait. Argazkiek beti laguntzen dute. Hain zuzen ere, nire urtez politena inbestigazio prozesu hori izan da: aspaldiko argazki bat esku artean izatea, baina kokatu behar izatea, eta horretarako herritarren laguntza behar izan dut bidean.

Horrenbeste, memoria lan bat ere bada.
Hori da. Ondare bat izatea nahiko nuke, betirako gordeko den zerbait, eta edozeinek etorkizunean erabili dezakeena. Lezaman, eta beste herri askotan, ez dago horrelako libururik. Lezaman bai egin zutela 2006an toponimiaren inguruko bat, baina orain arte ez zegoen horrelako katalogorik. Azken hilabeteetan ere Fernando Olabarrietaren eskutik Lezamako auzo eta baserrien toponimia ezagutzeko ibilbideak egin dituzte Zorrizketan Euskara Elkartearen bidez. Informazio iturri bat ere bada, honen inguruan gehiago jakin nahi duenarentzat.

Lezamako herriari zure omenaldia dela esan daiteke?
Modu batera bai. Nahiz eta Lezaman ez bizi gaur egun, nire familia bertakoa da, nire sustraiak hemen daude. Batez ere, argazki zaharrei ematen diet garrantzia, lan handia dagoelako atzean. Askotan baserrietan bertan geratzen dira, beste batzuk erre egiten dira Lezamarekin hainbesteko harremana ez duten pertsonengan amaitzen dutelako. Pena bat da, herriarentzako altxorrak dira.