Aireportuko autobusak kreditu-txartelarekin ordaintzeko aukera emango du

Aikor aldizkaria 2023ko uzt. 3a, 12:01

Eguaztenetik aurrera, Bilboko Intermodala eta aireportuaren arteko zerbitzua egiten duten autobusek –A3247– bi baliogabetzaile izango dituzte: bata, Barik baliozkotzeko; eta bestea banku-txartelarekin ordaintzeko. Bizkaibusek jakinarazi duenez, ordaintzea “erraztu” nahi die linea noizbehinka erabiltzen duten lagunei.

Orain arte Barik txartelik ez zutenek txartel arruntaren prezioa ordaindu behar zuten autobusera igo aurretik. Horretarako, txartela erosi behar zen aireportuan dagoen Bizkaibuseko kabinan edo Bilboko Intermodaleko bulegoan. Ordaintzeko modu berria, aldiz, arinagoa da, linea horretan erabiltzaile asko noizbehinkako bidaiariak direlako; edo turistak, edo Barik edo eskudirurik ez dutenak. Pandemia baino lehen gertatzen zen bezala, 2022ko bigarren seihilekoan, A3247koa izan zen berriro Bizkaibuseko linea eskatuena. Gero eta bidaia gehiago egiten dira: 2021ean, 400.000 egin ziren; eta 2022an, 900.000. 2019an, pandemia hasi baino lehen, milioi bat bidaia egin ziren.