Loiuko Udalak Landatxuetan udal igerilekuak jartzeko plana aurkeztu du

Mikel Reina Barros 2026ko otsailaren 17a

Udalak duela bi urte erosi zuen Landatxueta Kluba 400.000 eurogatik eta orain inbertsioak egiten hasiko dira, hasteko, udal igerilekuak egiteko plana aurkeztu dute.

Loiuko Udalak azken urteetan urrats estretagikoak eman ditu etorkizunera begira. Azkena, Hariztondo-Txiline zonaldean 400 etxebizitza eraikitzeko baimen guztiak lortzea izan da. Orain, Landatxueta Klubeko lurretan udal igerilekuak jartzeko plana aurkeztu du.

“Gure helburua epel luzera begiratzea da, aztertu behar dugu zer nolako kultur eta kirol zerbitzuak eskaini nahi diegun herritarrei”, azaldu du Josu Andoni Begoña alkateak. Era berean, jakinarazi du hurrengo hilabeteetan aterako dutela obrak egiteko lizitazioa, baina “orain arte dagoen eraikina” baliatu nahi dutela.

Lanok hainbat fase izango dituzte. Hain zuzen ere, udalaren asmoa da igerilekuez gain, aurrera begira bestelako zerbitzuak eskaini ahal izatea Landatxuetan. Horretarako, herritarren parte hartzea eskatuko dutela aurreratu dute.