Lanbidek arreta pertsonalizatuko zerbitzua eskainiko du Sondikan

Aikor aldizkaria 2020ko ots. 28a, 13:57

Bulegoa Egaz Txorierriren egoitzan zabaldu da eta zerbitzua hilaren lehenengo eta hirugarren asteetako astelehenean emango dute.

Euskal Enplegu Zerbitzuak arreta-gune berriak ireki ditu Arabako eta Bizkaiko hainbat herri txikitan, eta horien artean Sondika dago. Gune horretan, Txorierriko biztanleek zein enpresek Lanbidek eskaintzen dituen zerbitzuak eta baliabideak jaso ahal izango dituzte, berez dagokien Lanbideko bulegora joan beharrik gabe. Sondikako bulegoa Egaz Txorierrin atondu da (Txorierri etorbidea 46) eta bertan arreta emango zaie Sondikako, Loiuko, Derioko, Zamudioko, Lezamako eta Larrabetzuko herritarrei. Zerbitzua hilaren lehenengo eta hirugarren asteetako astelehenean eskainiko da, eta erabiltzaileek enpleguaren inguruan Lanbidek ematen dituen laguntza-prozesuei lotutako edozein gai kontsultatu ahalko dute, hala nola enplegagarritasuneko diagnostikoak egitea eta prestazioak eskatzea (Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eta Etxebizitzako Prestazio Osagarria). Horretarako, banakako arreta tutorizatua jasoko dute.