Udalak gaitzetsi ditu Udaletxean agertu diren armada errusiarraren aldeko pintadak

Aikor aldizkaria 2022ko eka. 9a, 13:46

Gaur goizean, pintada batzuk agertu dira Sondikako Udaletxean. Atariko zutabeetan eta atean norbaitek “Z” batzuk margotu ditu, baita igitaia eta mailua–ikur komunista– ere. Pintadek adierazten dute armada errusiarraren aldeko babesa. Udalak prentsa-oharra zabaldu du pintadak gaitzesteko.

“Pintadek Sondikako herritarren ordezkaritza demokratikoa hartzen duen eraikinari eraso diote; gure etxea da, eta, horregatik, bereziki gaitzetsi behar ditugu. Ez gara kikilduko: bortizkeriaren kontra, irmotasuna. Bortizkeriak bortizkeria baino ez du sortzen. Pintadak egin dituena herriari barkamena eskatzera animatuko nuke. Eta argudioren bat defendatu nahi badu, bere jarrera azal dezala, baina ez udaletxeko ateetan, barruan baizik. Izan ere, ideiak eztabaidatzeari beldur diotenak baino ez dira ateetan gelditzen”, esan du Xabier Zubiaur alkateak.

Asteburu honetan, Sondikako Udalak eta herriko elkarteek Ukrainaren aldeko jaialdia egingo dute. Oharrean azaldu dutenez, agian horregatik egin dituzte pintadak. “Jarraituko dugu bakearen eta giza eskubideen aldeko ekintzak poz-pozik egiten. Gonbit egiten diegu herritarrei, Bizkaikoei zein Txorierrikoei, ekitaldira etortzeko, kirolaz gozatzeko eta bakea aldarrikatzeko. Pedalei eragingo diegu Ukrainaren alde eta oro har giza eskubideen alde. Sondika herri baketsua da”.

Ez da lehen aldia horrelako pintadak Txorierrin agertzen direla. Apirilaren 25ean norbaitek armada errusiarren aldeko pintadak egin zituen Lezamako industriagunean, Txorierriko udalek Ukrainarentzat laguntza batzen den pabiloian, alegia.

Erlazionatuak

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).