Inauterietako jai-eredua birplanteatzeko gogoeta-prozesua sustatuko duela esan du Sondikako Udalak

Aikor aldizkaria 2025ko mar. 10a, 14:04

Ohikoa denez, erabat arrakastatsuak eta parte-hartze handikoak izan dira Sondikako Inauteriak. Hala ere, ospakizuna lausotu zuten zenbait istilu gertatu dira. Horien aurrean, Sondikako Udalak prentsa-ohar baten bidez jakinarazi du Inauterietako jai-eredua berriro planteatzeko gogoeta-prozesu bateratu bat ipiniko duela martxan.

Inauterien testuinguruan, lagun batek 19 urteko gazte bat sastatu zuen, eta azken hori ospitalera eraman behar izan zuten, Gurutze Gorriak lekuan bertan artatu ondoren. Biktima ez dago larri, eta ustezko erasotzailea atxilotu zuten. Bestalde, borroka batean beste pertsona batek botila batekin egin zuen ebagia. Hori ere ospitalera eraman zuten, baina ez zegoen larri. Sondikako Udalak eta Sondikako Inauteriak elkarteak adierazpen bateratua egin zuten gertatutakoa gaitzesteko eta jai seguruak eta inolako indarkeriarik gabekoak izateko konpromisoa berresteko. “Ezin dugu horrelako ekintzarik onartu, gure herriaren bizikidetzaren eta jai-espirituaren aurkakoak baitira”, adierazi zuten.

Beste alde batetik, Sondikako Udalak gaur kaleratutako prentsa-oharrean adierazi du Inauterietako jai-eredua birplanteatzeko gogoeta-prozesu bateratua irekiko duela. Prentsa-oharrean azaldu moduan, aurreko lerroetan aipatutako liskarrez gainera, kalte handiak izan ziren hiri-altzarietan eta botilak ere bota zituzten hainbat etxebizitzatara. Leku publikoetan hondakin-kopuru handia ere sortu zen. Horrek guztiak “indartu egiten du jarrera zibikoak eta arduratsuak sustatzeko beharra, ospakizuna ingurunearekiko eta herritar guztiekiko errespetuzkoa izan dadin”.

“Inauteriak gogoko ditugun jaiak dira Sondikan, eta hala izaten jarraitzea nahi dugu. Aurtengo parte-hartze handia horren erakusgarri da, baina ezin ditugu alde batera utzi kezkatzen gaituzten gertakari jakin batzuk. Udalak konpromisoa hartzen du Sondikako Inauteriak elkartearekin eta Inauterietan parte hartzen duten eragile guztiekin lan egiteko, guztion artean jai hauen eredua hobetzeko, eta sondikoztar guztiontzako ingurune seguruagoa eta gozagarriagoa bermatzeko”, esan du Naia Landa alkateak.

 
Eraso matxistak

Garrasia Sondikako talde feministak jakinarazi duenez, eraso matxistak ere izan ziren Inauterietan. Garrasiak, Sondikako Udalak eta Sondikako Inauteriak elkarteak komunikatu bateratu batean salatu moduan, “Inauteriez gozatzera zetozen zenbait neskek jasan zituzten eraso matxistak. Gaitzespenik irmoena adierazi nahi dugu asteburu honetan Sondikan gertatutako eraso matxisten aurrean, eta babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu erasoa jasan duten emakumeei. Argi eta garbi adierazi nahi dugu ez dugula emakumeen aurkako inolako indarkeriarik onartzen”.

Erlazionatuak

Inauteriez gozatu du Sondikak

a eta b: Itsasne Zubiri mar 10 Sondika