Valentina loradenda: pertsonala eta hurbilekoa

Aikor aldizkaria 2026ko irailaren 3a

Duela urtebete zabaldu zuten Sondikako Mikel Zarate kaleko 6. zenbakiko denda, baina 30 urte luzeko esperientzia daukate. Astelehenetik barikura 08:00etatik 15:00etara dago zabalik eta zapatuetan 08:00etatik 13:00etara. Harremanetan jartzeko 944 53 14 57 telefonoa daukate eskuragarri.

Valentina loradendak nortasun berezia dauka, “pertsonala da”, gainerakoengandik bereizgarria, eta ez bakarrik 30 urteko esperientzia dutelako: “Ia bizitza osoa daramagu lan honetan”. Hainbeste urteren ostean, “zigilu propioa” lortu dute, Valentina loradendaren lore-sortak “bereziak eta bakarrak” dira: “Ez dira gainontzekoenak bezalakoak, basatiagoak eta bakarragoak dira, lorategi estilokoak dira, naturalagoak”. Hasi zirenetik “aldaketa handia” nabaritu dute. “Lehen oso oinarrizkoa zen, orain espezialitate handia dago eta ezberdintzen saiatzen gara”. Zertan? “Hurbileko tratua eskaintzen dugu eta batez ere lore eskaintzarik onena, gertukoena eta denboraldikoa”.  Horregatik ez dute katalogorik, “egunero heltzen zaigun loreekin egiten dugu lan, ezin da freskoagoa izan”. Hala ere, zerbait berezia nahi izatekotan, eskatzeko aukera dago, eta egun bakarrean lortu dezakete. Hain zuzen ere, loreak modan inoiz ez pasatzen ez badira ere, beti daude tendentziak. Orain, adibidez, gero eta ezkontza gehiago daude eta gazteek “irizpide oso argiak” dituztela diote, zer eta zelan nahi dute. Batez ere lore naturalekin lan egiten dute, landareak badituzte ere. Eguneroko oparietarako egiten dute lan astegunetan gehien bat, eta asteburuetan gehiago lantzen dituzte askotariko ekitaldiak, ezkontzak, esate baterako.