Horrelako taldeak aurrera eramateko beharrezkoa izaten da norbanako askoren lana, boluntarioa gehienetan, beti ez esatearren. Ezkutuko lana da, ikustaraztea zaila izaten dana, izen propiorik gabe, dena taldearen mesedetan. Baina, kasu honetan, izen-abizenak ere atera dira. Aurpegia eta izenak jartzea ere garrantzitsua delako.
Izaskun Llona Solairi, adibidez, Gorantzaileak dantza taldea da. Gutxi dira taldearen hasieratik mantendu direnak, 60 urte, arin esaten da. 1966an sartu zituzten gurasoek neba eta bera dantza taldean, 4 urte zituen besterik ez. Hain zuzen ere, 1966an eman zituen gaur egungo izenarekin taldeak bere lehen pausoak. Aurretik, bi urte lehenago sortu zuten herriko gazteek Garbiani taldea. Azkenean, 1970erako eman zuen Gorantzaileak dantza taldeak ofizialki izena Euskal Dantzarien Biltzarrean.
Llonak 50 urtez, etenaldirik gabe, parte hartu izan du dantza taldean. Izan ere, dantza taldean sartu zituen gurasoen heriotzak bakarrik eten izan du bere parte hartzea. Noiz eta 50 urteurreneko ospakizunak baino lehen. Orduan, “atsedenaldi bat” behar izan zuen, bost urte eman zituen. Horregatik, 60 urteurrenari “gogo bereziak” dizkio, aurrekoak ezin izan zituelako bizi. “Gurasoei esker ondo baino hobeto dakit zein zailak izan ziren lehen urteak. Ekitaldiekin bakarrik lortzen zuten dirua, batzuetan ikusleen artean txapela pasatzen genuen eta lortutakoarekin ordaintzen genituen freskagarriak eta itzultzeko autobusak”.
Ordutik hamaika ikuskizun egin dituzte. “Oroitzapen ederrak” ditu, batez ere lehenengo Bizkaiko Dantzarien Egunarekin, 1980an ospatu zuten, Deustun. “Baionara joan ginen lehenengo bidaietako batean eta gogoan ditut orduko mugetako kontrol zorrotzak. Beste garai batzuk ziren eta denetarik pasa behar izan dugu”. Ordutik, “bilakaera etengabea” bizi izan du Llonak: “Hasieran neskak ginen batez ere, mutil gutxi zeuden, gehiago ziren futbolean edota bestelako kiroletan parte hartzen zutenak. Ondorioz, nolabait bizirauteko eta eskaintza zabaltzeko, neskak izan gara batzuetan mutiletan arropak jantzi eta beraien dantzak egin ditugunak”. Parte hartzea bilatzen dute, horregatik, dantza batzuetan umeek eta gurasoek parte hartuko dute. Transmisio lana da azken batean. “Horrelakoei esker jende nagusiagoa taldera eta euskal dantzetara itzuli dira, eta gaur egun talde oso polita dago”.
“Dantza, kantu eta orokorrean folklore barik, herria hiltzen da eta Goraintzaileak Sondikan dantza talde bat baino askoz gehiago da, euskal nortasunaren eta ondarearen transmisioaren alde lan egiten duen taldea da”. 60. urteurrenean ez ditu ondoan gurasoak izango, baina bai, ordea, Gurutze Juarros Montero, bere lehen irakaslea, eta berarekin urteurrena ospatzea “ilusio berezia” egiten diola onartu du: “Nire bigarren ama da, nire ama kulturala”.
Dantza, odolean
Hain zuzen ere, Juarros dantza taldeko lehen irakasleetako bat izan zen. Honek ere urteak daramatza dantza taldean. “9 urterekin hasi nintzen eta 15 urterekin nire gizona izan zenarekin dantzatzen hasi nintzen irakasten. Egun batean, sondikoztar bi guregana hurbildu ziren eskatzen ea norbait prest egongo bazen Sondikara joateko euskal dantzak irakastera, eta biok baiezkoa eman genuen”.
Llona izan zen bere lehen ikasleetako bat: “Ume berezia zen, harreman ederra sortu genuen”. Juarros betidanik izan da dantzaren “maitale sutsua”, beti mantendu du harremana dantzarekin. Ezkondu zenean, taldea utzi zuen, baina Gorantzaileaken 25. urteurrenerako gizona eta bera gonbidatu zituzten, baita 50 urteurrenerako ere. Ordutik, astelehenetan eta eguaztenetan, Bilbotik trena hartu eta Sondikara arte dator dantza egitera. “Dantza egiterakoan, munduko pertsonarik alaiena naiz, ikaragarri gozatzen dut”. Hau da, umetako ilusio hori mantentzen du oraindik. “Dantza nire bizitza da, odolean daramat”.
“Hemen ez du inork ordaintzen ez kobratzen. Dena antolatzen dugu gure artean”
Hau da, dantza taldearen ametako bat da eta bilakaera handia bizi izan du. Euskal dantzetan dena sortuta dagoenaren ideiaren aurka, onartu du oraindik ere dantza berriak ikasten dituela: “Dantzak asko aldatu dira, are gehiago orain aspaldiko dantzak berreskuratzen ari dira: Sagar Dantza edota Esku Dantza. 60. urteurrenerako prestatzen gabiltza dantzetako asko niretzako berriak dira eta ikasi behar ditut, eta horrekin ere gozatzen dut”. Ospakizunei begira, “ilusio eta gogo ikaragarriak” dituela onartu du honek ere.
Ezkutuan
Izen propio gehiago. Esther Mateos Garcia eta Mireia Madariaga Bilbao, adibidez, dantza taldeko arroparen eta materialaren arduradunak dira. Hain zuzen ere, urteurrenaren harira, “sekulako lana” izan dute. “Azkenean, dantza asko egingo ditugu, dantzari askok parte hartuko dute, bakoitzak bere arropak behar ditu eta hori guztia antolatu beharra dago”. Hori gutxi ez, eta Gorantzaileak dantza taldeak kamiseta berriak jarri ditu salgai eta beraiek hartu dute horren ardura.
Hori bai, egunerokotasunean beraien lana bestelakoa da: “Gure ardura nagusia arropa behar bezala gordetzea eta mantentzea da. Horrela, ikuskizunen bat daukagunean dantzariek, prest daukate behar duten materiala dantza egiteko”. Azken batean, kasu askotan, dantza bakoitzak arropa eta material zehatzak behar ditu, eta Mateos eta Garcia arduratzen dira bakoitzari behar duena emateaz eta gero, itzultzerakoan, beraiek gordetzen dute behar bezala hurrengo dantza baterako. Alde horretatik, batez ere ospakizuneko dantzetara begira, asko eskertu dute Txorierriko beste dantza taldeen kolaborazio eta laguntza: “Ez daukagu hainbeste jenderentzako behar besteko materiala eta inguruko herrietakoak laguntzeko prest agertu dira”. Adibide bat, Bizkaiko zinta dantza egiteko 7-8 zutabe behar dituzte, eta Goraintzaileakek bakarra dauka.
Eta horrela daramatza Mateosek 30 urte baino gehiago, Garciak “apur bat gutxiago”. Zelan ez, gainontzekoek bezala, lan bolondresa egiten dute. “Nire alaba dantzan hasi zen taldean, eta ordutik hartu nuen ardura. Nire alabak dantzatzeari utzi zionean hemen jarraitu nuen oso eskertuta eta gustora nagoelako taldean. Horrela esperientzia ikaragarria pilatu dut, askotariko egoerak bizi izan ditudalako”, azaldu du beteranak. Dantzariak ere badira, baina taldearen mesedetan laguntzeko beharra izan dute betidanik. “Bakoitzak dakiena eta ahal duena eskaintzen du taldeak behar duen arlo bakoitzean, horrelako lanengatik eta pertsonengatik izango ez bazen, ezingo genituzke 60 urte ospatu”. “Hemen ez du inork ez kobratzen, ez ordaintzen. Dirua emanaldietatik dator batez ere”.
Inoiz baino gehiago
Xabier Elexpuru Ibarra lehendakariaren arabera, gaur egun Goraintzaileak taldeak “inoiz baino dantzari gehiago” ditu: 125 inguru. Adin guztietakoak, orain neskak zein mutilak. “Zaila da guztia antolatzea egia esan, ni naiz arduraduna eta koordinatzailea eta guztiei tokia egitea eta behar bezala antolatzea ez da erraza. Horrez gain, irakaslea ere banaiz”.
Elexpuru ere, beste protagonistak bezala, dantzaria izandakoa da. 11 urte daramatza karguan, 50. urteurrenerako itzuli zen eta ordutik dihardu lanean. “Ahal dugun bezala egiten dugu aurrera”. Lehen esan bezala, dantza taldean askok dituzte kargu bat baino gehiago, dantzariak izateaz gain noski. “Asko gara eta ez da bat ere ez erraza guztia antolatzea”. Gainera, 60. urteurrenarekin “lan asko” pilatu zaie.
“Bakoitzak ahal duen neurrian laguntzen du, bestela ezingo genituzke 60 urte ospatu”
Elexpuru ere bolondresa delako. “Hemen ez du inork ordaintzen ez kobratzen. Dena antolatzen dugu gure artean”. Horregatik, 60. urteurrenekoa egin nahi diote aurre lehenengo, “urduritasun puntu bat” egon badagoelako. “Egunerokotasunean bizi gara, horrela egiten dugu aurrera”.
60. urteurrena ez da bakarrik urriaren 3ko asteburura mugatu, urte osoan zehar ekintza asko antolatu dituzte: dantza plaza gidatua, banako ikastaroa, buruko zapia, gerrikoa, alpargatak eta abarketak janzteko ikastaroa edota jota eta arin-arin ikasteko tailerrak. “Harrera oso ona izan dute, pentsatzen genuena baino hobea. Sondikoztarrek asko eskertu dute horrelako ekintzak antolatzea eta horregatik etorkizunera begira antzeko ekimenak antolatzeko intentzioa daukagu”. Hori jarri dute hurrengo erronka bezala: herritarrengana are eta gehiago hurbiltzea. “Kanpora gehiago atera nahi dugu, doako ekimenak antolatu, ea horrela gero guregana gehiago hurbiltzen diren”.
Adibidez, urteurrenari begira elizako erreberentzia berreskuratuko dute. “Ohiko dantzetatik aparte, aintzinakoak ere berreskuratu nahi ditugu, eta nagusiek bakarrik ez, umeek ere dantzatzea, oso politak direlako eta gure artean mantendu behar direlako ondare kultural bezala”.
350 lagun inguru
Urriaren 2tik 4ra urteurreneko ospakizun nagusiak ospatuko dituzte, Larrabarrena parkean. Egitarau bete-betea antolatu dute. 2025-2026 ikasturte osoa eman dute burubelarri lanean asteburukoa antolatzen, ez hori bakarrik urte osoan zehar egindako ikastaroak ere kudeatu beharra zegoen. “Batzordean 6 kide gaude, baina dantza taldeko beste arlo guztietan bezala, bestelako kideen laguntza izaten dugu beti. Azkenean, ez gaude hain ohituta horrelakoak egitera”. Zelan ez, hasteko, kontratazioekin hasi ziren, “gaur egun gero eta arinago hartu behar dira musika taldeak eta horrelakoak. Gainera kontratazioak egitea zailagoa bilakatzen da dirurik ez dagoenean, bestela ez genuke hainbeste arazorik izango”.
Hemen ere hurbilekoenganako keinua izan dute, herritik eta herriarentzako urteurrena baita: “Sondikako edo inguruko musika taldeak ekarri nahi izan ditugu, horrek ere erraztasuna ematen digulako harremana zuzenagoa delako. Danel Arteagak, LC27 eta Laguna Crush musikariek girotuko dute, adibidez, bariku gaua”. Eguneko ekintzetarako ere herriko beste elkarte bidelagunak nahi izan dituzte ondoan txistulariak, Pentagrama, Txuma Olague eta Olague abesbatza, esate baterako. “Gure arteko elkarlana etengabea da urte osoan zehar eta gure egunik berezienean ere gurekin nahi genituen, oso garrantzitsuak direlako guretzat”.
200 inguru dantzarik parte hartuko dute zapatuko zein domekako dantzaldietan. Bereziki polita izango da azken egunekoa, “egun handia” dela esan daiteke. Aurretik egindako entsegu orokorrak antolatzea ere ez da erraza izan. “Domekan dantzari ohien txanda izango da, gainontzekoak ohituta gaude gehiagotan dantzatzera, baina nagusientzat beti da berezia herrian bertan jendaurrean dantzatzera”. Horregatik, domekako herri bazkarian, adibidez, 350 lagun inguru elkartuko dira. Horrez gain, “sorpresaren bat edo beste” egongo dela aurreratu dute. Omenaldiak ere, batzuetan, beharrezkoak direlako.
Gorantzaileako dantzariak 1965eko Larrondoko jaietan eta 1971ko Gabonetan, Sondikan.

