Mamen Cisneros, Derioko Danerik Paraje! Elkarteare

Aikor aldizkaria 2007ko ira. 24a, 13:53

Derioko Danerik Paraje! Zerbitzu eta Merkataritzako Elkarte Profesionalak Merkataritza Astea antolatzen du urrian duela lau urtetik hona. Asteak bertako komertzioak eta zerbitzuak bultzatzea du helburu. Aurten herriko Ostalarien Elkartearekin batu eta Derioko Merkataritza eta Ostalaritza Astea egingo dute lehenengoz. Zergatik ostalariekin batu? Elkarrekin batera egitea proposatu genien, ostalaritza eta merkataritza arloak aldi batera promozionatzeaz gain, askoz egitarau zabalagoa eskaini ahalko genuen-eta. Horrela, asteak eragin handiagoa izango zuen Derion eta Txorierrin. Zeintzuk dira Astearen ekitaldirik erakargarrienak? Ostiraleko berbena eta larunbateko gala baino lehen egingo diren pintxo lehiaketa eta txakolin zein pintxo dastatzea. Azken hori doan izango da. Galak ere jendetza batuko du, ziur asko. Aurten Joseba Solozabalek aurkeztuko du eta glamour handia emango diola ziur nago. Gainera, herriko jendea modeloarena egingo du eta hori asko gustatzen da. Galan 15 komertziok parte hartuko dute, eta ostean koktel bat eskainiko zaie partehartzaileei. Herriko elkarteak eta beste merkatarien elkarte bat ere gonbidatzeko asmoa dugu. Galak 3. edizioa beteko du aurten. Aurreko edizio biek ikusmin handia sortu zuten… Bai, lehenengoa Udalak antolatu zuen eta bigarrena, guk. Ibiltoki inguruan stand batzuk jarri genituen eta dena primeran irten bazen ere, oso lan handia egin behar izan genuen. Aurten, berriz, standik ez jartzea erabaki dugu. Gala bi urterik behin egiten da eta ez dagoen urtean herrian zerbait faltatzen dela sumatzen du jendeak. Beno, horrela adierazi digute guri, behintzat. Beste alde batetik, laguntza handia jasotzen dugu Udaletik eta hori eskertu behar diegu. Merkataritza Asteak onura ekarriko zizuen lau urte hauetan, ezta? Asteak, salmentak areagotzea baino, kanpoko jendeak Derion zer dagoen jakitea du helbururik nagusia (izan ere, derioztarrek ondotxo ezagutzen dute). Eta ekimen horri esker, elkartea zein bertoko merkataritza eta zerbitzuak ezagunagoak dira, gutxienez. Beste alde batetik, Merkataritza Astea herriari begira ere egiten dugu; hau da, gure elkarteak ere bizitza sortzen du Derion. Sasoian dago Derioko merkataritza? Borroka handia egin behar da, baina gaurkotzen eta gero eta lehiakorragoak izaten goaz. Komertzio txikiek aurrera egiten badute, bezeroari oso tratu hurbila eskaintzen diotelako da. Derioko merkataritza ez da gauza berria, baina batu eta elkartea sortu dugunetik hobera goazela uste dut. Teknologi Parkeko eta poligonoetako langileengana ere heltzea erronkatzat duzue gaur egun… Bai, denda batzuk ostegunetan eguerdian ere izango dira zabalik Txorierrira lanera etortzen direnei begira. Izan ere, horiek ordu pare bat dute bazkaltzeko eta gurean erosketak aprobetxatu ahal dutela pentsatzen dugu. Badakigu emaitzak ez direna epe laburrean ikusiko baina daitezken bezero horiek erakartzeko itxaropena dugu.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).