Youtuberen anai euskaldun txikia

Aikor aldizkaria 2007ko urr. 2a, 14:19

Euskaltube webgune berriak bideoak eskegi zein ikusteko aukera ematen du, eta Euskal Herriko sortzaile eta ikusleen topagune bihurtzea du helburu. Haritz Rodríguez dugu horren sustatzailea. Kazetari horrek uste du euskal gizarteak web 2.0 tresna propioak behar dituela, eta euskaraz egiten duenak, batez ere. Eta horregatik, euskaraz aurkezten da webgunea, nahiz eta hizkuntza guztien hiztunei ere zuzenduta egon. Ildo horri jarraituz, bideoak edozein hizkuntzatan jarri ahal izango dira sarean, baina gure herriari lotuta egon beharko dira. Youtube orri famatuaren antza du, baina ez du lehian sartu nahi atari amerikano horrekin. Izan ere, zabalera askoz murritzagoa da. Dena dela, tokian tokikoa izateak interesa handiago ematen dio Euskaltuberi, Rodríguezen ustez. “Youtu-bean sartzen diren euskaldunek mundu mailan bideo ikusgarriez gozatu nahi dute. Era berean, gure inguru hurbilean; hau da, Euskal Herrian, zein irudik merezi duten jakiteko jarri dugu martxan Euskaltube”. “Gaur egun 5.000 foro euskaldun omen daude. Askotan euskaraz ez dauden orrialdeetara joan behar dute horiek euren ikus-entzunezko lanak plazaratu ahal izateko. Orain, Euskaltube dute eskura”, dio Rodríguezek.