Elebila, google euskalduna

Aikor aldizkaria 2007ko aza. 21a, 15:04

Euskararen erabilera gero eta zabalagoa da gaur egungo gizartean. Internet gizartearen isla da neurri batean, eta horren ondorioz, han ere gero eta garrantzi handiagoa ari da hartzen gure hizkuntza. Izan ere, sarean ba omen dira euskaraz idatzitako 4 milioi webgune. Haietan idatzitakoak erabat ahaztuta geldi ez daitezen, Elebila bilatzaile euskalduna sortu dute lankidetzan Eusko Jaurlaritzak eta hizkuntza ingeniaritza arloan garapen berritzaileak egiten dituen Eleka enpresak. Helbide elektronikoa www.elebila.eu da. Erdarazko bilatzaile arrunta izango balitz bezala erabiltzen da Elebila: internauta bakoitzak, interfazea gaztelaniaz edo euskaraz konfiguratzeaz gain, orrialdeko zenbat sarrera agertzea nahi duen ere aukeratu ahal du. Elebilak duen muga bakarra hau da: ezin da argazkirik bilatu. “Elebila euskaldunon webgune bilatzaile nagusia izatea da xedea”, dio Iñaki Irabazabalbeitia Eleka taldeko koordinatzaileak Berria egunkariari emandako elkarrizketa batean. Solasaldi berean, Irazabalbeitiak euskara garatzeko sareak duen garrantzia azpimarratu du. “Euskararentzat eta gainerako hizkuntza txikientzat Internet da bidea munduan presentzia irabazteko; are gehiago, Eusko Jaurlaritzaren ustez, euskara normalizatzen bada, hori sarean izan behar da, eta ni bat nator horrekin”.