Eguzkia eta ilargia, Jaungoikoa eta deabrua… Txanpon guztiek bi alde dituzte eta Internetetik dabilena ez da salbuespena. Emule programa oso famatua da internauten artean, filmak, musika edo softwareak deskargatzeko aukera ematen baitu. Bere “alde ilunak†RebeldEmule du izena, eta bertan Euskal Herriari buruzko bilduma bat prestatu dute, Euskal Herria: herri baten atzerabegirakada izenburupean.
Bilduma horri politika eta gizarte arloko zenbait ikus-entzunezko dokumentu batu zaizkio: besteak beste, Historia Kateak egindako III Reicheko morroi euskaldunak, Julio Medemen Euskal pilota: larrua harriaren kontra eta Iker Trebiñoren Salda badago: Euskal Rockaren hasiera. Filmen zerrendaren aurretik sarrera txiki bat eskaintzen du RebeldEmulek, eta Euskal Herria zer den azaltzen du bertan.
RebeldEmulek gutxieneko gai politikoak eta sozialak zabaldu nahi ditu. Sortzaileen iritziz, Internet tresnarik egokiena da kultura librea, merkea eta denen eskura dagoena hedatzeko, eta horregatik sortu dute RebeldEmule.