Euskarazko mokadu txikiak

Aikor aldizkaria 2008ko urt. 22a, 09:16
Testua eta argazkiak: Txorierriko AEKekintza taldea
Txepetxa aek euskaltegian buru belarri dabiltza euskara irakasten urritik hona. Hala ere, klaseetako lanez aparte beste ekintza batzuk ere antolatu dituzte. Azaroan, adibidez, “Bolivia Boliviatik” argazki emanaldia izan zuten. Joan den udan Bolivian zehar ibili ziren Nerea eta Amaia, eta bidaiaren gaineko hitzalditxoa eman zuten euskaltegian. Ikasle, irakasle eta bertaratutakoek gustura entzun zituzten azalpenak eta pasadizoak. Gabonetako oporrak hartu aurretik, Txepetxa aek euskaltegiko II. Pintxo Lehiaketa arrakastatsua antolatu zuten. Euskaltegiko talde bakoitzak pintxo hotz bina aurkeztu behar zituen, eta epaimahaiak dastatu eta saritu zituen. Goizean goiz hasi ziren ikasleak pintxoak diseinatu, osagaiak erosi eta horiek prestatzen. Hainbat sari egon ziren: aurkezteko modu politenari, izen orijinalenari eta pintxo onenari. Pozik jaso zituzten opariak irabazleek, eta noski, ostean, txakolinaz bustita jatera. Gainera, parte-hartzea eta talde lana ezin hobeak izan ziren. Urte berriarekin ere badatoz asmo berriak! Eta euskaldunok beti mahai baten bueltan… Sagardotegiko usainak ailegatzen hasi dira. Otsailean Astigarragako sagardotegira bisita egingo dute, eta udaberrian ere euskara deskubritzeko eta gozatzeko hainbat proposamen luzatuko digute. Beste alde batetik, euskaltegian egiten diren ekintzez gain, aek-ko ikasle eta irakasle askok euskara elkarteek antolatzen dituzten ekitaldietan parte hartzen dute, euskara bizirik baitago Txorierrin.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).