Derioztarren argazki zaharrak liburu batean batu d

Aikor aldizkaria 2008ko ots. 7a, 11:14
Testua eta argazkiak: Bestorrene
Urte hasieragaz batera derioztarrek badabe entretenimendua: Derio eta derioztarrak. Argazkiak-fotografías argitaratu barri dan liburuan euren edo senide baten argazkia topatzea; ahaztutako aurpegiak barriro ikustea; jentea zenbat aldatzen dan, ala ez, egiaztatzea; hau edo bestea faltatzen dirala konturatzea… Denboran pasan ibiltzeko eta beste garaiak gogoratzeko liburua da-eta. Liburua urtarrilaren 25ean aurkeztu zenduen, baina aspaldiko proiektua da, ezta? Bai, hasieran ez genduan liburu lez planteatu. Gabonetan erakusketak antolatu ohi doguz eta dala urte batzuk argazki zaharrak biltzea otu jakun. Formatu handiago baten erreproduzitu, eta erakusketa egin genduan Kultura Aretoan. Erakusketak arrakasta handia izan eban; egia esan, guztioi gustatzen jaku atxinako argazkiak, gureak edota senide eta lagunenak, ikustea. Erakusketa amaitu ostean, jenteak argazkiak ekartzen jarraitzen eban eta material aberats hori liburu baten jaso behar zala pentsatu genduan. Zaila izan da hainbeste argazki biltzea? Danerik egon da. Batzuetan jentea gure atzetik ibili da; eta beste batzuetan guk ibili behar izan dogu euren atzetik. Zailena aukeratzea izan da, beharbada. Espazio-falta dala-eta, ezin izan genduzan argazki guztiak ikusgai jarri erakusketan, eta liburuan be batzuk utzi behar izan doguz kanpo. Hori ez da erreza. Nahiko atzeratu omen da liburua… Uste baino denbora gehiago emon dogu. Argazkiak batu ondoren, aukeratu, sailkatu eta eskaneatu behar dira, eta horrek denbora eskatzen dau. Beste alde batetik, bildutako argazki gehienetan pertsonak agertzen ziran eta, ondorioz, ahalik eta datu gehien emotea interesgarritzat jo genduan: izen-abizenak, datak… Behar horrek nahiko atzeratu gaitu, baina fruitua esku artean dogu azkenean. Zelango harrera izan dau? Oso-oso ondo. Jenteak pozik hartu dau, eta egindako beharrak merezi izan dauala uste dogu. Liburu pilo bat saldu dira, eta ez dira gutxi izan hurbildu jakuzanak okerrak zuzentzera: izen hori ez dagoala ondo, data ez dala zuzena… Are gehiago, jentea argazkiak ekartzen hasi da barriro, eta jadanik ehun argazkitik gora batu doguz. Hori dala-eta, pentsatu dogu materiala biltzen jarraitzea, eta horregaz zer egin etorkizunean ikusiko dugu. Amaitzeko? Eskerrak emon argazkiak utzi deuskuezan guztieei, eta argazkietan agertzen diran lagunen izenak topatzen orduak emon dabezanak be bai. Barkamenak be eskatu nahi doguz okerrengaitik; egon badagoz-eta. Eta Udalari be eskerrak emon behar deutsaguz, inprimaketaz eta salmentaz arduratu dalako. Beste alde batetik, inork argazkirik utzi nahi badeusku, Marijegaz jarri ahal da harremanetan (94 454 14 35). Eskaneatu ostean berehala itzuliko jako argazkia. Ea hurrengo baten derioztarren argazki gehiago argitaratzeko gai garen!

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).