“Literaturia†ekainean izango da Larrabetzun; hala ere, ekimena Txorierriko beste herrietara ere zabalduko da apiriletik maiatzera bitartean
Larrabetzuko Literatura Eskolak bost urte bete ditu. Bost urte, Literatura hemen eta han zabaltzen; literaturari buruz eztabaidatzen; eta literaturaz ikasten. Literatura Eskola Euskal Herri osoan oso sendotuta dagoen ekimena da, eta ospe handia du gaur egun. Hala ere, haratago joan eta beste pauso bat egitea erabaki dute antolatzaileek urteurrena ospatzeko. Horrela, ekainean “Literaturia†ekitaldia antolatuko dute.
“Literaturia†ekainaren 5etik 7ra arte izango da Larrabetzun. Hiru egunotan, herria euskarazko liburu azoka handia bihurtuko da eta literatura munduan murgiltzeko aukera emango digu. Azokan euskarazko argitaletxeek parte hartzea espero dute antolatzaileek, baita euskal idazlerik inportanteenetarikoek ere. Horrezaz gainera, ekitaldi sorta zabala egongo da: hitzaldiak, liburu aurkezpenak, haur eta helduentzako antzerkia, erakusketak, musika emanaldiak eta poesia errezitaldiak, besteak beste.
“Literaturia†literatura aldarrikatuko duen ekitaldi publikoa izango da, eta hitzaren artea jendeari hurbiltzea hartuko du helburu nagusitzat. Gune honetan euskarazko literaturarentzat baino ez da lekurik egongo, eta horren alde ludikoa errebindikatzeko plataforma ere izango da.
Ekitaldia Literatura Eskolaren baitan sortutako ekimena bada ere, aipatu beharra dago Larrabetzuko beste eragile batzuetara ere zabaldu dela proiektua. Antolatze lanetan hauek dabiltza lanean: Arrekikili euskara elkartea, Txinpasmendi guraso elkartea, Hori Bai gaztetxea eta Larrabetzuko Udalaren Kultura batzordea. Ekimen hau guztiz parte-hartzailea eta herrikoia da, beraz.
Mugak gaindituz
Baina “Literaturiak†Larrabetzuko mugak gainditu eta Txorierri osora ere zabalduko da apiriletik maiatza bitartean. Antolatzaileak harremanetan dabiltza erakunde eta taldeekin proiektua aztertu eta ideiak elkarrekin trukatzeko; besteak beste, Txorierriko Mankomunitateko Euskara Zerbitzuarekin, Institutuarekin eta Totoan Txorierriko Euskara Elkarteen Federazioarekin izan dira. Izan ere, “Literaturiak†txorierritar guztiengana heltzea du helburu. Hasteko, lau hitzordu ipini dira apirilean.
Apirilaren 22an, mahai inguru bat egingo da Larrabetzuko eskolako liburutegian. Mahai ingurua eskolako gurasoentzat antolatu da eta han aztertuko da zelan zaletu haurrak eta gazteak irakurtzera. Patxi Zubizarreta idazleak hartuko du parte mahai inguruan.
Hilaren 23rako, ekitaldi bi antolatu dira: alde batetik, Larrabetzuko eskolako ume nagusiek irakurraldia/errezitaldia egingo dute eta, bestetik, Mikel Peruarena idazlearen Ez obeditu inori lana landuko da “Literaturaz berbetan†ekimenaren barruan.
Apirilaren 26an, Koldo Amestoy helduentzako ipuin kontalariak saioa eskainiko du Hori Bai gaztetxean, eta hilaren 29an Iñigo Aranbarrik Zulo bat uretan nobela aurkeztuko du Basaurin. Azken ekitaldi hau Euskarabila Basauriko euskara elkartearekin batera antolatu dute. Ekitaldiok Liburuaren Egunaren inguruan egingo dira.