Txupinazoa bota eta lau egunetan zehar zamudioztarrek jai-giroan murgilduko dira, bete-betean. Pazko jaiak maiatzaren 29tik bagilaren 1era arte ospatuko dabez.
Herrian eukiko dabezan urteko lehenengo jaiak dira, eta gogoz dabilz itxaroten. Zamudioko Pazko jaiek egitarau oparoa ekarriko deuskue aurten, baita nobedadeak be. Zapatuan 14 urtetik beherakoei zuzendutako gastronomia-txapelketea egingo da lehenengo aldiz. Parte-hartzaileek sukaldaritzan trebeak dirala erakutsi eta entsaladea eta edari freskagarriren bat prestatu beharko dabez. Herrian ekimen batzuk jarri dira martxan janari osasungarriaren ganean, eta ekitaldia horreen haritik antolatu dabe. Era berean, gaztetxoek protagonistak izan eta jaietan inplikatzea gura dabe antolatzaileek. Zaldi-jauzi txapelketea beste nobedade bat da. Txapelketea zapatuan egingo dabe, anbulatorio ondoko landeetan. Modalitate bi egongo dira: 60 zentimetroko altuerako oztopoak eta metro bateko altuerako oztopoak. Zaldiek gainditu beharko dabezan oztopoak naturalak izango dira kasu bietan. Horrezaz ganera, bost zaldi egongo dira, gura dauenak horreen ganean paseotxoa emoteko. Ekitaldia Aretxalde Lezamako Klub Hipikoaren laguntzagaz antolatu da eta arduradunek arrakastatsua izatea itxaroten dabe.
Nobedadetik aparte, musika, dantza eta kirolerako lekua be egongo da Pazko jaietan. Kontzertuak talde horreen eskutik izango dira: Sei Urte, Kauta, Une, Gatibu eta Trikizio. Baina egunean zehar be jai-giroa egotea Eguraldi Ona jai-batzordearen helburua da eta, ondorioz, ahalegin handia egin dabe ekitaldiak antolatzeko orduan: kalejirak, sukalki txapelketea, dantzaldiak, musika emonaldiak, dantzak... Motorzaleak be eurei zuzendutako ekintzak eukiko dabez. Zapatuan Zamudioko VI. Slaloma egingo dabe; eta domekan, auto klasikoen kontzentrazinoa.
Zamudioko Pazko jaiak
Maiatzak 29k, barikua, Sabino Arana plazan
19:30: Txupinazoa eta gozokiak
19:45: Kalejira, trikitilariek, txistulariek eta buruhandiek girotuta
21:00: Perretxiko jana
24:00: Kontzertuak: Sei Urte + Kauta + DJ
Maiatzak 30k, zapatua, Sukalki Eguna
09:00: Sukalki txapelketea, Bidekoetxe parkean
10:00: Gastronomia-txapelketea, 14 urtetik beherakoentzat
11:00: Zaldi-jauzi txapelketea eta zaldi ganeko ibilbideak
11:45: Kalejira, trikitilariek, txistulariek eta buruhandiek girotuta
14:00: Sukalki txapelketearen sari banaketea
15:00: Zamudioko VI. Slaloma, kanposantuaren ondoko landetan
16:30: Dantzaldia, Erdizka Lauetan taldearen eskutik
20:30: Koralak, San Martin eleizan. Kantarte Gazteder (Barakaldo), Irutasun (Getxo) eta Zamudioko Kamara Korala
24:00: Kontzertuak: Une + Gatibu + Trikizio
Maiatzak 31, domeka
10:30: Umeentzako jokoak, Sabino Arana plazan
11:00: Mezea. Pelota partiduak, frontoian
11:45: Kalejira, trikitilariek, txistulariek eta buruhandiek girotuta
12.30: Auto klasikoen kontzentrazinoa, sukalkia egiten dan karpa ondoan
17:30: Dantzak, Hirubat eta Korrontzi taldeen eskutik. Ostean, Korrontzi taldearen emonaldia
19:30: Erromeria, Lotxo taldeagaz
Bagilak 1, astelehena
12:00: Mezea
12:30: Kopaua trikitilariek girotuta, eleizpean
16:30: Mus eta briska txapelketak, Adinekoen Etxean