Zerua ukitu

Aikor aldizkaria 2009ko eka. 3a, 14:36

Arroetako lau kide GIIren gailurrera heltzen saiatuko dira

Bederatzi urte daramatzate hemendik hona eta Alpeetako eta Andeetako mendikateek, batzuk aipatzearren, ia ez dute sekreturik eurentzat. Urte hauetan zazpi mila metroko mendiren gailurrera heltzea lortu dute, eta erronka berriei aurre egiteko garaia dela erabaki dute aho batez. Jon Aroztegi, Gotzon Zubiaur, Asier Zarate eta Javier Gorospe Arroeta Zamudioko mendi taldearen partaideak dira, eta ekainaren amaieran abentura zoragarri batean sartuko dira: Gasherbrum II mendiaren gailurrera igotzea. Gasherbrum II (GII) Karakorum mendikateetan dago, Pakistanen, eta 8.035 metroko garaiera du. Lehenengo zortzimila izango da lau mendizaleentzat. GII munduko 14 zortzimilenetariko bat da, eta Arroeta taldekoek hori aukeratu dute “metroei dagokionez, garaiera gutxien duen 13. mendia delako. Ez dago batere txarto hasteko!”. Horrezaz gainera, oso hurbilketa ederra du. “Baltoro glaziarra zeharkatu behar da, eta ibilbide osoan zehar ikuspegi miresgarriak daude: beste zortzimila batzuk, paisaia ederrak, mendi esanguratsuak... zein baino zein politagoak”. Islamabad Pakistaneko hiriburura ekainaren 26an abiatuko dira eta abenturak abuztuaren 15era arte iraungo du. Ondo zaindu behar den bidaia da eta lau lagunak buru-belarri dabiltza azken ukituak ematen: bisak, baimenak, materiala... Era berean, denak emanda dabiltza entrenatzen, GIIri ahalik eta sasoi onenean heltzeko. Asteburuetan mendira joaten dira; eta astegunetan, gimnasiora edo korrika egitera. Izan ere, GII mendi gogorra da, “pasabide batzuk arriskutsuak dira eta 60 gradutako maldak daude”. Helburua, euren baitan Bidaia liluragarria da, baina garestia ere bada. Eta mendizaleek adimena zorroztu dute, gastuak ordaintzen laguntzeko. Horrela, kamisetak atera dituzte eta diru-laguntzak jaso dituzte Zamudio, Sondika eta Getxoko Udaletik. Bueltan espedizioaren gaineko hitzaldiak emateko asmoa ere badute. GII errespetua ematen duen mendia da, baina Jon, Gotzon, Asier eta Javier baikor azaldu dira; ilusioz eta gogoz beteta. “Gailurrera heltzea dugu helburu eta lortu ahal dugula uste dugu. Hala ere, gure esku ez dauden faktoreak hartu behar dira kontuan: eguraldia, esate baterako. Plangintza bat diseinatu dugu eta saiakera bi zehaztu ditugu. Lehenengoan ez bada, ba, bigarrenean izango da!”. Euren kamisetetan ageri den moduan, “Helburua ez dago gailurretan, gure baitan baino”. Arroeta taldeko lagunek GIIn egondako beste mendizaleekin hitz egiteko aukera izan dute, eta esperientziaren berri eman diete. “Joate hutsa merezi duela esan digute; igo ala ez igo. Leku izugarria dela”. Guri bueltan kontatuko digute.