Mozorro Lehiaketa eta Euskararen Eguna, Aldekonako

Aikor aldizkaria 2009ko eka. 22a, 14:49

Txupinazoa uztailaren 24an botako dute, arrastiko 7etan. Eta handik aurrera jai giroan murgilduko dira Derioko Aldekona auzoko biztanleak. Bai auzokoak eta bai hara doazen guztiak ere. Uztailean eta abuztuan santuen izendegiari errepasoa egiten dioten jaiak dira Aldekonakoak. Santiago, Santa Ana, San Ignazio eta San Esteban. Aldekonakoek ez dute aukera bat bera ere galtzen. Jai batzordeak jaiok guztiok batu eta uztailaren 24tik abuztuaren 2ra bitarteko egunetarako egitarau paregabea antolatu du guztientzat, ume, gazte nahiz heldu izan. Ohiko formulak harrerarik hobea dutenak dira, eta aurtengo jaiek aurrekoetako eskemari jarraituko diote. Besteak beste, Mus eta Briska Txapelketa, idi probak, txitxi-burruntzia, kalejirak eta umeentzako ekitaldiak izango dira jaietan. Gastronomia lehiaketek ere leku berezia izango dute, ohiturari eusteko, hiru txapelketa egingo dira eta. Marmitako Lehiaketa Santiago egunean izango da eta hiru sari banatuko dira guztira: garaikurra eta 100 euro, irabazlearentzat; garaikurra eta 70 euro, bigarren lotzen denarentzat; eta garaikurra eta 20 euro, hirugarrenarentzat. Tortilla Txapelketak ere hiru sari banatuko ditu hurrengo egunean parte-hartzaileen artean: garaikurra eta 60 euro, lehenengoarentzat; garaikurra eta 40 euro, bigarrenarentzat; eta trofeoa eta 20 euro, hirugarrenarentzat. Beste alde batetik, badirudi ragout-a auzotarren artean arrakasta handia lortu duen platera dela, eta San Ignazio egunean Txorierriko III. Ragout Lehiaketa egingo dute hirugarren aldiz. Plan erakargarria Euskara ere protagonista izango da aurtengo jaietan. Uztailaren 25ean, Santiago egunean, Euskararen Eguna ospatuko dute Aldekonan, eta goiz-goizetik hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera egongo da. Kalejirak hasiera emango dio egunari, eta, lehen aipatutako marmitako lehiaketaz aparte, hauek ere izango dituzte auzoan: meza, dantzen agerraldia, Mus Txapelketa, Txan magoaren emanaldia, berbena eta diskoteka. Dantzen agerraldia inoiz baino hunkigarrigoa eta bereziagoa izango da, ziur asko: Zutik dantza taldea 80ko hamarkadaren hasieran desagertu zen, baina partaide batzuk berriro elkartu dira, jaietan saioa eskaintzeko. Saioa Lainomendi dantza taldearekin batera egingo dute. Umore sen handia dute Aldekonakoek; lotsarik ez. Beraz, ahalegin handiak egin dituzte aspaldian oso arrakastatsua izan den ekintza berreskuratzen: Mozorro Lehiaketa. Ekintzak lagun asko batu zuen aurreko urte bietan, eta oraingo honetan ere hala izatea espero dute antolatzaileek. Aldekonako jaiek aipatutakoak baino askoz ekintza gehiago ekarriko dizkigute: berbenak eta diskoteka, Hip-hop kontzertuak, bits jaia, puzgarriak, zirko tailerra eta “Car kross” Auto Lehiaketa, banaka batzuk nabarmentzearren. Jai egitarauan kontsultatu eta auzoraino hurbiltzea plan erakargarria da udari begira. Jai egitaraua Uztailaren 24a, barikua 19:00: Txupinazoa 20:00: Txitxi-burruntzia 21.30: Hip-hop kontzertuak 00:00: Diskoteka Uztailaren 25a, zapatua (Santiago). Euskararen Eguna 11:30: Kalejira 12:00: Meza 13:00: Dantzen agerraldia, Zutik eta Lainomendi taldeen eskutik 14:30: Marmitako Lehiaketa 17:00: Mus Txapelketa 18:30: Txan magoa 20:00: Mamitako Lehiaketako sari banaketa 23:00: Berbena, Trakets taldearen eskutik 03:00: Diskoteka Uztailaren 26a, domeka (Santa Ana) 11:30: Kalejira 12:00: Hilen meza eta gisatu dastatzea 18:00: Bits jaia 19:30: Tortilla Txapelketa 20:45: Tortilla Txapelketako sari banaketa 21:00: Erromeria, Erdizka Lauetan taldearekin Uztailaren 30a, eguena 11:00: Kalejira 12:00: Zirko tailerra 17:00: Puzgarriak 22:30: Mozorro Lehiaketa (umeak eta nagusiak) 23:30: Berbena, Bizargorri taldearekin 00:30: Mozorro Lehiaketako sari banaketa 01:00: Berbena, Bizargorri taldearekin 03:00: Diskoteka Uztailaren 31, barikua (San Ignazio) 11:30: Kalejira 12:00: Meza eta kopaua, zaharrentzat 13:00: Nazioarteko folklorea 15:00: Txorierriko III. Ragout Lehiaketaren aurkezpena 17:30: Ragout Lehiaketako sari banaketa 19:00: Idi probak 21:00: Txokolatada, Arantza ta Pantxo Trio taldeak girotua Abuztuaren 2a, domeka (San Esteban) 10:00: “Car-Kross” Auto Lehiaketa 12:00: Meza 17:00: Mus eta Briska Txapelketa 18:30: Gorriti eta haren animaliak 20:00: Mus eta Briska Txapelketako sari banaketa 20:30: Txitxi-burruntzia eta diskoteka