Testua eta argazkiak: Lagatzu, Zamudioko euskera alkartea
Zelan esan, zelan azaldu... Bihotz barrenetik jatorkuzan sentimenduek dinoskuena esatea ez bada. Berton egon zinienok ondo baino hobeto ulertuko deuskuzue.
Lagatzu Eguna-Euskal Jaiaren kronikea egiteko eskatu deuskue, eta ez dogu denbora askorik galduko hau kontatzeko: azokeak, danborradeak, umeentzako joko eta tailerrek, dantzari, txistulari, bertsolari eta Bertokoko kideakaz egindako kalejirak, harrizulatzaileek, bazkariak eta osteko kanta saioak, umeentzako parkeak eta erromeriak itzelezko egitaraua osatu ebela. Sekulako parte-hartzea egon zala eta eguna ezin hobeto joan zala. Eguna ez zala posible izango Udalak emoten deuskuzan dirua eta azpiegiturak izan ez bagenduzan. Herritarren, talde eta elkarteen ezinbesteko laguntza barik ez zala jairik egongo esateko.
Eguna gugaz ospatzera etorri zinienon begiek kontatzen ebena, zuen ahotik entzun eta barru-barrutik etozan berbak ekarri gura doguz hona. Hainbeste jente, hain diferente, umeak, gazteak, nagusiak, edadekoak, kalekoak edo baserrikoak, hemengoak eta hangoak. Zerk batu ete gaitu? Euskaldunak gara eta euskereak batu egiten gaitu. Beharbada, holango espazioen beharra dogu danok. Hori da danok bizi genduzan emozio momentuetan, zuen zoriona jaso genduanean, zuetariko gehienok esan zeunskuena. Eutsi egin behar deutsagula horri, holango momentuak pasatzeko eta gozatzeko beharra danok sentitzen dogulako. Herritarron errekonozimendua eskertu gura dogu, eta gure taldea arnasa hartzeko gune hori izaten jarraitzeko prest dagoela adierazo. Aurten hamargarrena izan da, eta guk mezua hartu dogu. Datorren urtean? Zeuona da berbea. Laguntzeko prest?