Izar distiratsuak ditugu Txorierriko zeruan

Aikor aldizkaria 2010ko aza. 18a, 14:39
Argazkiak: Indra Murugarren
Eserleku librerik ez zen egon azaroaren 30ean Sondikako Kultura Etxean; eta kanpoan geratu ziren hainbat eta hainbat lagun Izan ere, Izarren Distira! galak hain ikusmin handia sortu zuen ezen sarrerak bost minutuan agortu baitziren. Publikoak ikuskizunaz gozatu nahi zuen, eta gure izar gazteek ez zuten huts egin. Euren talentua nabarmendu zen eszenatoki gainean. Urduritasuna nagusi zen frisoen artean. Koreografia azken aldiz entseatu, abestien hitzak gogoratu, lasaitzen saiatu... Batzuentzat lehenengo aldia zen eszenatoki batera igotzen zirena; beste batzuek bazuten eskarmentua halako zereginetan. Batzuek gogotik zuten prestatuta ikuskizuna; beste batzuek oso entsegu gutxi eginda zituztela aitortu zuten. Nolanahi ere, jendaurrean azaltzeko momentua ailegatu zen, eta gure gazteek talentu faltarik ez dutela erakutsi ziguten. Gala txukuna izan zen, mimoz zaindua. Nerea Alias ETBko aurkezlea zeremonia-maisu ibili zen, eta publikoa bereganatzen jakin zuen. Ikuskizunean zortzi finalistak hartu zuten parte: batzuk bakarka aritu ziren; eta beste batzuk, taldeka. Dantzariak, abeslariak, malabaristak... antzezpen zabala egon zen eszenatokian, eta parte-hartzaile guztiek ahots bete hortz utzi zuten publikoa. Epaimahaia hauek osatu zuten: Andrea Arrizabalaga Teleberriko aurkezlea, Lander Otaola Kerman mintzalagun bila saioaren aktorea eta Ortzi Garitano Derioko bertsolaria. Erabakia hartzea ez zen batere erraza, baina epaimahaiak azkenean bere iritzia ezagutzera eman zuen. Parte-hartzaile guztiak, urduri baino urduriago. Kattalin Barcena eta Arrate Gaztelu larrabetzuarrak hirugarren gelditu ziren. Neskek ahotz goxo-goxoa dute, eta publikoari Hesian taldearen Behar zaitut abestia eskaini zioten. Ikusleren bat baino gehiagok oilo-ipurdia jarri zitzaiola esan zuen. Diskoak eta liburuak erosteko bonoa eman zieten saritzat. Hakima Velezek bigarren postua lortu zuen. lezamar honek erritmoa zainetan daramala erakutsi zuen, eta edozein musika mota dantzatzen trebea dela. Beno, trebea esatea gutxi da, neska dantzari aparta delako. Hakimak lagunekin partekatzeko saria jaso zuen: laser partidak eta afaria. Ilusioz eta gogoz Eta irabazlearen izena ezagutzeko unea ailegatu zen. Publikoak arreta handiz entzun zituen aurkezlearen hitzak, eta batzuk irabazlearen izena aurretik esatera arriskatu ziren. Eta bete-betean asmatu zuten. Ivan Pérez derioztarrak publikoa zein epaimahaia liluratuta utzi zituen bere ikuskizunarekin. Gazteak beat box, bakarrizketa eta umorea uztartu zituen saio berean. Ivanek multiabentura ekintzak egiteko bonoa edo ikas bidaiarako diru-laguntza jaso zuen saritzat. Oso gala ederra izan zen, eta Astrapala Lezamako musika taldeak emanaldia eskaini zuen. Hauek ere zoragarriak. Galaren bideoa www.izarrendistira.com webgunean jarri dute ikusgai. Izarren distira! talentu lehiaketa Txorierriko Mankomunitateak TOPAGUNEA Euskal Herriko Euskara Elkarteen Federazioarekin batera antolatutako ekimena da. Ekimenak hainbat helburu ditu, hala nola, gazteen sormena piztea, euren arteko harremanak sendotzea eta euren parte-hartzea bultzatzea. Hala ere, euskara eta aisialdia uztartzea ekimenaren helburu nagusia da; hau da, gazteek aisialdia ere euskaraz goza daitekeela ikus dezaten. Txorierriko gazteek ilusioz eta gogoz hartu dute lehiaketaren lehenengo edizioa eta casting-etara 21 parte-hartzaile aurkeztu dira. Oso ekimen arrakastatsua izan da, bai parte-hartzaileen kopuru aldetik, bai horiek eskainitako saioen kalitate aldetik eta bai publiko aldetik. Antolatzaileak pozik azaldu dira lortutako emaitzarekin, eta publikoak datorren urtean ere izar bila jarraitzeko eskatu die.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).