Darwin gurean

Aikor aldizkaria 2010ko abe. 17a, 13:36

Testua: Gotzon Barandiaran, idazlea Darwin gurean, Kepa Altonaga. Pamiela, 2010.

Historiako mende eta erdiko errepasoa eginez, euskaldunok Darwinen eboluzioaren teoriara lotzen gaituzten hariak josi ditu Kepa Altonaga sortzez txorierritarrak.Hautespen natural bidezko eboluzioa zientziari dagokion ikerketagaia izanda ere, liburua saiakera literarioa dela esaten ausartuko gara bi arrazoiok argudiatuta: narrazio bakarra izateko helburu argia eta idaztestiloa. Txundigarria egin zaigu Kepa Altonagak darwinismoak euskaldunongan izan duen eragina kontatzeko aurrez korapilatu ezinak diruditen pertsonaiak zelan matxinbratu dituen. Munduko literatura lanik esanguratsuenetako pertsonaia nagusiak izan daitezkeenak ezagutarazi dizkigu liburuak: Leon Uthurburu, Armand David, Joxe Aratxabaleta eta Domingo Ordoñanaren eta ,batez ere, Jean Etxepare, Aldudeko medikua. Kepa Altonagak ederto baten ezagutzen duen Etxepare izan zen XX. mendearen hasieran euskaraz eboluzioaren teoriaren alde egin zuen bakarra. Liburuak ahalegin horren historia kontatzen digu, ez zientziak mozkortutako jakintsu aspergarriaren jariopean, ez bada idazle baten lumaz.