Diskotekarik handiena

Aikor aldizkaria 2011ko urt. 25a, 10:46

Espainiako Gorteek ez dute Sinde izeneko legea aurrera atera. Legeak egileen jabetza intelektuala babestea zuen helburu, eta Angeles González-Sinde Kultura ministroak musika edo pelikulak doan deskargatzeko aukera ematen duten webguneak ixtea proposatu zuen. Izugarrizko eztabaida sortu da horren inguruan: batzuen ustez, ordaindu behar da beste batzuen lanaz (filma zein kanta) gozatzeagatik; beste batzuen iritziz, ordea, zilegi da artxiboak elkartrukatzeko aukera izatea. Hala ere, musikari dagokionez, erdibidean dagoen konponbidea eskaintzen du Spotify aplikazioak. Programa hoRRek Interneten bidez jartzen du musika entzungai, eta hori sortu duen enpresa suediarrak Universal Music, Sony BMG, EMI Music, Hollywood Records eda Warner Music diskoetxeekin sinatu ditu hitzarmenak, baita zigilu independiente batzuekin ere. Beraz, erabiltzaileak hainbat kanta ditu eskura. Internautek abestien zerrendak osatu eta euren artean partekatu ahal dituzte. Zenbait era dago webgune honetan kantak bilatzeko, esate baterako urte, artista edo diskoaren arabera. Programa doan deskargatu eta gero, lau modu daude aplikazioa erabiltzeko. Lehenengo biak (“Free” eta “Open”) doan dira, baina batzuetan publizitate-tarte bat entzun behar izango da. “Free” horretan sartu ahal izateko, Spotify-en erabiltzaile baten gonbidapena jaso behar dugu. “Open”ari dagokionez, ez da gonbiterik behar, baina hilean 20 ordutan baino ezin da entzun. Ordaintzeko aukera Musikazaleren bat ordaintzeko prest badago, beste bi era daude Spotify-a erabiltzeko. “Premium” erabiltzaileek kantak entzuteko aukera izango dute goi-mailako kalitatean, horiek plazaratu baino lehen. Gainera, ez dute publizitaterik entzungo eta musika-katalogoa sakelako telefonoan ere izango dute entzungai. “Unlimited” erabiltzaileak antzekoak dira, baina horiek ordenagailuetan besterik ez dute musika entzungo. Nabigatzaileek —ordaintzen dutenak, nahiz doan sartzen direnak— edozein herritan erabili dezakete Spotify, baina izena ematea soilik leku batzuetan da posible, Espainian eta Frantzian besteak beste. Aplikazioa 2006an sortu zen, eta 2008an eta 2009an zabaldu zen mundu guztira. Ia edozein kanta topatu daiteke Spotify-ean, baina ez guztiak. Izan ere, musikari batzuek —Led Zeppelin, AC/DC, The Beatles edo Pink Floyd taldeak, adibidez— ez zuten webgune honetan parte hartzea onartu. Dena dela, enpresa suediarrak gogor egiten du lan katalogoa “ahalik eta handiena” izateko. Aplikazioa deskargatzeko: www.spotify.com