Euskararen lasterketaren motorrak berotzen hasi dira

Aikor aldizkaria 2011ko ots. 21a, 15:07

Korrika 17 apirilaren 16an pasatuko da Txorierritik, eta herrietako batzordeak aurreko egunetarako ekitaldiak prestatzen dabiltza. Lasterketa iragarriko duen kartelaren argazkiak gurean atera dira aurten. Otsailaren 13an, domekan, 100 lagun inguru batu ziren Larrabetzuko Elkartegian. Zertarako? Korrikaren arduradunek argazkiak egin behar zituzten euskararen aldeko lasterketaren aurtengo edizioaren kartelerako, eta argazki-saioan parte hartzeko gonbidapena txorierritarroi luzatu digute oraingo honetan. Petoak jantzi, korrika egin, barreak, ilusioa, argazkiak... laster lanaren emaitza ikusteko aukera izango dugu. Hala ere, hau ez da lehenengo aldia izan txorierritarrok halako beharretan ibili garena, Belen Gana Txepetxa AEK euskaltegiko arduradunak gogorarazi digutenez, Korrika 12.aren bideoklipa eta kartela ere Txorierrin egin baitziren; Teknologia Parkean, hain zuzen ere. “Maitatu, ikasi, ari... euskalakari” lelopean, Korrika 17k apirilaren 16an zeharkatuko du gure bailara, baina aurreko egunetan ere hainbat kultura ekitaldi izango ditugu, motorrak berotzen hasteko. Horren haritik, Korrika batzordeak lanean dabiltza herri guztietan, eta dagoeneko ekintza batzuk zehaztu dituzte. Korrika arroparen desfilea egingo da martxoaren 25ean, Hori Bai Larrabetzuko gaztetxean, eta umeei zuzendutako ekitaldien artean, Zirika Zirkus eta Eidabe taldeek eskainiko dituzten emanaldiak azpimarra ditzakegu. Lehenengoak Zirika zirkaos lana aurkeztuko du martxoaren 28an; eta bigarrenak Lore power lana, martxoaren 29an. Gainera, Txorierriko ikastetxeetako gaztetxoek Korrika Txikia egingo dute apirilaren 8an, Derion, eta eskuz esku pasatuko diote elkarri euskararen lekukoa. Helmuga herriko plazan egongo da, eta parte-hartzaileek aldez aurretik prestatutako abestiak, bertsoak, emanaldiak... jendaurrean antzeztuko dituzte. Aurreko egunerako, apirilaren 7rako, txangoa antolatu da Trebiñora, Korrikaren hasiera ikustera. Lan komuna agerian Korrika batzordeek afariak eta bazkariak ere egingo dituzte. Lagatzu Zamudioko euskara elkartekoek eta Zorrizketan Lezamako euskara elkartekoek, esate baterako, bertso afaria izango dute apirilaren 15ean, eta sondikoztarrek txokolatada, umeen jokoak eta herri-bazkaria egingo dute Korrika pasa ostean. Loiukoek eta Erandiokoek apur bat lehenago edukiko dute afaria: apirilaren 8an eta 9an, hurrenez hurren. Beste alde batetik, Tximintx Derioko euskara elkarteak Laburbira film laburren emanaldia prestatu du apirilaren 14rako, eta apirilaren 17an autobus bat irtengo da Donostiarantz, Korrikaren amaieran parte hartzera. “Eskertzekoa da Korrika batzordeek, euskara elkarteek, ikastetxeek eta herritarrek egiten duten lana. Herri bakoitzean proposamenak egiten dira, ekitaldi hau edo bestea antolatzen da, baina herri bakoitzeko lana ez ezik lan komuna ere lotzen da agerian. Izan ere, Txorierrin sare handia sortu da Korrikaren inguruan, jendetza handia azaltzen da laguntzeko eta babesa emateko prest, eta hori ez da inon lortzen. Euskarak eta Korrikak baino ez dute lortzen”. Lehen aipatutakoak aurrerapena baino ez dira izan. Martxoaren 11n, iluntzeko 8etan, Korrika 17 aurkeztuko da Lezamako Uribarri Topalekuan, eta han euskararen lasterketaren eta horren harira antolatuko diren kultura ekitaldien berri emango digute. Txorierritar guztiak gaude gonbidatuta.