Gazteen talentua lantzeko topaketak

Aikor aldizkaria 2011ko mai. 18a, 10:53

Dizerdit, ni banoa! topaketak Izarren Distira Lehiaketaren haritik antolatu dira eta gazteek euren sormena lantzea dute helburu. Doan izango dira eta ekainaren 28an eta 29an egingo dira Urduñan. Izarren Distira Talentu Lehiaketa oso ekimen arrakastatsua izan zen gurean, eta, horregatik, hura bigarren aldiz antolatzea erabaki du Mankomunitateak. Lehiaketaren aurkezpenak irailean egingo dituzte, baina gazteek harekin lotuta dauden sormen topaketetan parte hartzeko aukera izango dute ekainaren 28an eta 29an. Dizerdit, ni banoa! topaketak 12 urtetik 18 urtera bitarteko gazteei daude zuzenduta eta Urduñako aterpetxean egingo dira. Mankomunitatetik adierazi duten moduan, Izarren Distiraren aurtengo edizioan lehiaketa kontzeptua gainditu eta indarra sormenean jartzea erabaki dute. Horrela, topaketetan hainbat tailer egingo dira, gazteek ikuskizun munduarekin zerikusia duten arloak lan ditzaten: antzerkia, bideogintza, musika eta gorputz-espresioa, banaka batzuk aipatzearren. Tailerrak adituek emango dituzte eta euren artean aktoreak eta ETBko langileak egongo dira. Gauean, ekimen ludikoagoak egingo dituzte. Egitasmoa Txorierriko Mankomunitateak antolatu du Getxo, Uribe Kosta eta Durangaldeko Udal eta Mankomunitateekin batera, eta antolakuntza lanetan Topaguneak hartuko du parte. “Sormen topaketen bitartez hainbat helburu lortu nahi ditugu. Alde batetik, gazteek euskara gozamenarekin lotzea nahi dugu, eta gure hizkuntza gune ez formaletan ere erabil dezatela. Bestetik, aukera ezin ho-bea da euren sormena eta gaitasun artistikoak lan ditzaten, eta beste eskualdeetako gazteak ezagut ditzaten”. Graffitia Ekimena doan izango da eta bertan izena emateko epea ekainaren 14ra arte egongo da zabalik. Izena ematea www. izarrendistira.com webgunean edo tuentiren bidez egin daiteke. Hala ere, topaketetan parte hartzen duten gazteek ez dute derrigorrean galan izena eman behar, edo alderantziz. Aterpetxean 100 lagunentzako tokia dago, 25 lagun udalerriko, eta plazak izena emateko ordenaren arabera gordeko dira. Udalerri batek 25 plazak beteko ez balitu, horiek beste udalerrietako lagunek hartuko lituzkete. Gazteekin Topaguneko 13 begirale joango dira Urduñara, eta aterpetxeko langileak ere izango dira bertan. Sormen Topaketak gazteei ezagutzera emateko, hilaren hasieran graffiti egile batek irudi bat margotu zuen institutuan. Topaguneko arduradunek ekimenaren gorabeherak eta helburuak kontatu zizkieten gazteei bertan. Horrezaz gainera, informazioa agindu da Txorierriko gaztelekuetara, gazteek han ere topaketen berri izan dezaten.