Lagundu, bizi izan, beldurra galdu...mintzatu, goz

Aikor aldizkaria 2012ko ira. 25a, 09:27
Udako oporrek ekarri diguten atsedenaren ostean, indarrak berrituta gatoz berbalagunok. Ikasturte berriari inoiz baino gogo handiagoz heltzeko prest, euskara eskualdeko txoko guztietara zabaltzeko prest, herria lantzeko prest. Eta zu, zer? Oraindik ez dakizu zer den Berbalagun? Euskaraz ondo egiten dutenak eta euskara ikasten ari direnak harremanetan jartzen dituen proiektua da. Zertarako? Euskararen alde zer edo zer egiteko, gure euskara maila hobetzeko, beste lagun batzuei laguntza emateko, gure hizkuntzari bideak zabaltzeko... Nola? Padelean edo frontenisean jokatuz, informatika ikasiz, bizikletaz ibiliz, landareak eta haien erabilera ezagutuz, hitzaldiak emanez eta entzunez, mendira joanez, sukaldaritzan ikasiz, kafe bat hartuz... Izan ere, aurreko ikasturteetan hainbat ekitaldi eta ekimen antolatu ditugu berbalagunok, euskaraz nahi beste gauza egin ahal dugulako. Aurtengo ikasturterako ere hainbat ideia ditugu buruan, eta zuk ere nahi duzun guztietan hartu ahal izango duzu parte. Galdu lotsa eta eman izena! Astean ordubete libre izatea nahikoa da, eta zeuk erabakiko duzu zer egin: paseatu, zerbait ikasi, jolastu... Helburua berba egitea delako; eta ez eskola teorikoa jasotzea. Beraz, euskalduna bazara, euskaraz hitz egin nahi duten lagunekin elkartuko zaitugu; eta euskara ikasten ari bazara edo hizkuntza-maila hobetu nahi baduzu, euskaraz ondo dakien lagun batekin. Iaz 100 berbalagun inguru izan ginen Txorierri osoan. Zuk ere euskarari arnasa eman eta gutariko bat izan zaitezke. Ehun eta bat berbalagun, aurten? Informazio gehiago eta izena ematea: Tel.: 635 75 35 95 E-mail: txorierri.berbalaguna@gmail.com Bloga: www.aikor.com/txokoa/berbalagun Boteroren oparotasuna Ikasturteari hasiera ezin hobea emango diogu, kulturaz eta artez bete-betea. Alde batetik, urriaren 14an, ibilaldia egingo dugu Aretxabala Larrabetzuko errekari jarraituz. Gidari Sabin Arana ibiliko da eta hitzordua goizeko 10etan ipini dugu herriko plazan. Bestetik, urriaren 18an, Bilboko Arte Ederren Museora joango gara “Fernando Botero. Ospakizuna” erakusketa ikustera. Fernando Botero (Medellin, Kolonbia, 1932) jardunean dagoen Latinoamerikako artistarik ezagunena da. Margolari, marrazkilari eta eskultorearen erakusketa antologikorik garrantzitsuenetariko bat ikusiko dugu Bilbon; guztira, 80 lan batu dira, Boterok azken 60 urteotan eginak. Erakusketak artistaren ibilbidea emango digu ezagutzera konposizio indartsuen bitartez eta forma eta kolore oparoen bitartez. Haiek guztiek goraipatzen dute nolako ikuspuntua duen kolonbiarrak pinturari buruz. Boteroren lana ezagutu nahi baduzu, urriaren 16a arte duzu izena emateko aukera. Bisitaldia doakoa da, eta lekua, mugatua. Eskolaz kanpoko gurasolagunak Seme-alabak hainbat saltsatan murgilduta dauzkazuela ikusita, gurasoei ere proposatu nahi dizuegu eskolaz kanpoko jarduera batean parte hartzea. Gurasolagun egitasmoak batera biltzen ditu euskaraz hitz egiteko ohitura duten gurasoak eta mintzapraktika egin nahi duten gurasoak. Gurasoak eta haien umeak, seme-alabekin batera egiteko ekimena delako. Non? Eskolan bertan, parkean... Lekua, eguna eta ordua zuek adostuko dituzue. Zeintzuk dira helburuak? Asko! Zuen euskara-maila hobetzea, beste guraso euskaldunak ezagutzea, seme-alabekin ditugun hizkuntza-ohiturak aldatzea... eta zuek asmatu nahi dituzuen beste guztiak. Zer egingo duzue eskola ostean?

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).