Talentuz beteriko entseguak

Aikor aldizkaria 2012ko abe. 17a, 09:39

Izarren Distira! Lehiaketarako Sondikan egindako entseguak bikainak izan ziren

Izarren Distira! Talentu Lehiaketaren haritik, kazetaritza tailerra antolatu da. Tailerrean parte hartu duten lagunek artikulu bana idatzi edo bideo bat grabatu behar izan dute eta lan guztien artean onena aukeratu da. Irabazlea Idurre Duarte 13 urteko neska izan da. Idurrek sari bikoitza jaso du: alde batetik, tablet bat; eta bestetik, bere artikulua Aikor! aldizkarian argitaratzea. Hemen dituzue kazetari gazteak prestatutako testua eta elkarrizketa. Abenduaren 1ean bigarren entseguak egin ziren, castingerako ikuskizunak prestatzeko. Goizeko 10:00etatik 14:00etara izan ziren, Ylenia Baglietto aktorea Sondikan eta Ugaitz Alegria aktorea Derioko Kultur Birikan monitore egon zirelarik. Hamabi eta 18 urte bitarteko gazteak Sondikako gaztetxean bildu ziren saioak prestatzeko, eta Yleniaren laguntzaz ikuskizunak hobetu eta polito utzi zituzten. Giro ederra ikusten zen parte-hartzaile guztien artean. Ederki moldatu ziren entseguetan eta ados egon ziren Yleniak egindako aldaketa gutxiekin. Hainbat neska eta mutil azaldu ziren entseguetara bai dantzariak, bai abeslariak eta aktoreak, haiek duten zirrara eta gogo handia askatzeko eta mundu guztiari gazte hauek barruan duten talentua erakusteko. Parte-hartzaileek esan bezala, “Oso pozik gaude hemen egoteaz eta ikuskizunean gure onena emango dugu. Gainera, irrikan gaude castingaren eguna noiz helduko”. Aurten parte-hartzaile gehiago egongo dira, agian sariagatik, baina ez dezagun ahaztu lehiaketa honen helburua gazteak euskaraz gehiago mintzatzea dela. Castingak abenduaren 13an Zamudion eta 14an Derion izan ziren. Izarren Distira Talentu Lehiaketaren Gala abenduaren 22an, 19:00etan, egingo da Sondikako Kultur Etxean. Gure lagunek itzel egingo dute, seguru. Zorte on! Ugaitz Alegria eta Ylenia Baglietto, aktoreak “Zorte itzela da gustuko duzun lan batean lan egitea” Ugaitz Alegria eta Ylenia Bagliettori elkarrizketa egiteko aukera izan dugu. Oso jator azaldu dira galdera batzuk erantzuteko, “Izarren Distira” lehiaketari eta harekin lortu nahi ditugun helburuei buruz. Zertan datza zuen lana? Zer egin behar izan duzue hona heltzeko? Gu aktoreak gara. Antzezlanetan eta telebistan egiten dugu lan. Eta gero, lan hauetarako deitu egiten gaituzte, irakasle aritzeko. Oso zorte handia dugu lana izateagatik eta batez ere gustuko dugun lan batean gustura egoteagatik. Zergatik uste duzue aurten parte-hartzaile gehiago egon direla? Agian, aurten jende gehiagok jakin du lehiaketa dagoela, edo pasa den urteko ikuskizuna ikusi eta gero gogo handiagoa izan dute parte hartzeko. Zertan lagundu ahal dio Izarren Distirak euskarari? Ohituta gaude erdararaz hitz egiten eta euskara gutxiagotzen. Horrelako lehiaketa batean gazteek bere talentua azaltzeko aukera bikaina dute, eta gainera euskara bultza dezakete. Zuentzat gogorra da epaile izatea? Aukeratzeko momentuan bai, oso gogorra da, denok oso ondo egiten dutelako eta pena bat da parte-hartzaileak kanporatzea. Bukatzeko, zer baloratzen duzue talde batean? Gauza asko. Ia guztia. Oso barietate handia dagoenez, lar zaila da. Nagusiki kalitatea, koordinazioa, talentua eta suposatu duen lana baloratzen dugu.