Gaur egun, asko dira aisiaz gozatzeko gure esku dauden ekintzak, asko dira ondo pasatu eta lagunekin egoteko aukerak, eta BTEKen ere bagatoz gazteei zuzendutako ekintza berri batekin.
Aurtengo Pazko-astean, gure ateak zabalduko dizkiegu bederatzi urtetik 16 urte bitarteko gazteei, BTEK Kanp kanpamenduez goza dezaten. Asteartetik ostiralera, goiz eta arratsaldez, euskara, jokoak, tailerrak, kirola eta teknologia uztartuko dituzte, ondo pasatzen duten bitartean, jakin-minaz, elkarlanaz eta zientziaz eta teknologiaz busti daitezen. Gazteek era dibertigarri batean gaitasun ezberdinak garatzea dugu helburu nagusitzat, eta horretarako, hainbat arlotan batutako askotariko ekintzak egingo dira: joko eta jolasak, kirol ekintzak, ingumenari lotutako dinamikak, proiektu teknologikoak eta Parkean dauden enpresa eta teknologia zentroetara bisitak, banaka batzuk baino ez aipatzearren.
Erabiliko den metodologia jolasean, ikerketan eta arazoen konponbidean egongo da oinarrituta, eta bereziki talde-lana eta proaktibitatea sustatuko dira. Hala, proiektu teknologikoa garatzeko orduan, gazteek albo batera utzi beharko dituzte mekanikoki erabiltzen ikasten diren erremintak, eta beharrezkoak diren baliabideen oinarriak ikusi ondoren, arazoen aurrean nola jokatu asmatu beharko dute eta, era berean, irtenbide guztien artean bat aukeratu
Hezkuntza etengabekoa
Proiektu honetan, MITek garatutako Scratch softwarea erabiliko dugu, haren ezaugarriak egokiak baitira planteatzen dugun metodologia aurrera eramateko. Programazioaren ikuspuntutik erraza bada ere, software honek aukera asko eskaintzen dizkio bertan sakondu nahi duenari. Gainera, euskaraz dago eta askea da, edonork etxeko ordenagailuan eta sistema ezberdinak erabiliz instalatzeko modukoa (Linux, Windows, Mac...).
Aurreko artikulu batean aipatu genuen bezala, harrobia zaindu behar dugu, etorkizun duin bat izan dezagun eta izan dezaten nahi badugu. Eta horretarako, ez daukagu hezkuntza baino baliabide hobeagorik. Esandakoa bezain argi dugu hezkuntza etengabekoa dela eta nonahi gertatzen dela, eta hartaz era dibertigarri batean baliatu behar garela, euren eta, bide batez, geure burua janzteko.
Informazio gehiago: www.btek.org eta www.parque-tecnologico.net