Sondikako San Joan jaiak, Parte-hartze handiagoa

Aikor aldizkaria 2013ko mai. 27a, 11:01

Argazkiak: Juanjo Ortiz

Jai-batzordetik azaldu deuskuen moduan, aurreko urteetako formatua hartu dabe kontuan jai-egitaraua diseinetako orduan. Izan be, erantzun ona daukien ekintzak dira eta hareetako batzuk, gainera, derrigorrean antolatu behar dira, herritarrek halan eskatzen dabelako. “Edozelan be, azpimarratu gurako geunke aurten, lehenengo aldiz, alkarte edo talde batzuek ekarpena egin deutsiela jai-egitarauari, eta ekitaldiak antolatu dituela haren barruan”. Ekainaren 21ean, barikuan, Lantegi Batuak-ek flashmob bat egingo dau, eta herriko kultura- eta kirol-alkarteek herri bazkaria antolatu dabe zapaturako. Beste alde batetik, herriko dendariak, ostalariak eta zerbitzu sektoreko profesionalak indarrak batzen dabilz alkarte bat osatzeko. Alkartearen eginkizun nagusia Sondikako merkataritzea birbiztea izango da eta horretarako hainbat ekintza jarriko ditue martxan. Hareetako bat San Joan jaietan bertan egingo dabe. Landan puxikak askatuko ditue eta hareen barruan eskaintza bereziak egongo dira, herritarrek herriko saltokietan erabili daiezan. Alkarteek, beraz, parte-hartze aktiboagoa eukiko dabe aurtengo jaietan. Pentagrama soinu alkarteak bere saioa eguenean eskiniko dauen arren, jaiei barikuan emongo jake hasikerea. Saihestuezina da gero eta sakonagoa dan krisiaren gainean berba egitea, eta Sondikako jai-batzordeak be haren eragina nabaritzen dau urtero. “Dana dala, ahaleginak egiten doguz herritarrek ahalik eta gitxien igarri degioen. Jaiek irauten daben lau egunetan errutineaz ahaztu daitezan eta ondo pasau daien”. Nahiz eta aurrekontua gero eta estuagoa izan, jai-batzordeak beste behin be lortu dau adin guztietako herritarrei zuzendutako ekintza sorta zabala antolatzea. Su garbitzailearen inguruan Besteak beste, jolasak, apar jaia eta mago baten emonaldia egongo dira umeentzat, eta gazteek pil-pilean dagozan taldeen musikaz gozau ahal izango dabe. Mandoilek eta Canteca de Macao taldeek eta Oihan Vegak soinua jarriko deutsie zapatu gauari. Horrezaz gainera, erromeria izango da barikuan eta domekan. “Ahaleginik handiena musika arloan egiten dogu, ziur asko”. Gastronomiak be lekua eukiko dau jaietan: tortilla, sukalkia, gaztaia dastatzea... Eta txapelketak egingo dira: pinturea, musa... Era berean, dantzen agerraldiak egongo dira eta txistulariek be urtengo dabe kalejiran. Baina ekitaldi guztien artean, bereziena zaindariaren egunean, su garbitzailearen inguruan, egingo dabena izango da, ziur asko. “Jaietan giro polita egotea espero dogu, jenteak parte hartu daiala eta gozau daiala. Sondikoztarrek zein honaino hurreratzen diranek giro ona topauko dabe, baita guztiei zuzendutako ekintzak be”. Ekainak 20, eguena 19:30: Pentagrama kultura-alkartearen emonaldia, Kultura-etxean. Ekainak 21, barikua 13:30: Flashmoba, Lantegi Batuak-ek antolatua. 15:30-17:30: Haur-parkea, Gorondagane guraso-alkarteak antolatua. 17:30-19:30: Diskofestea, Dj Pacogaz, Gorondaganeren eskutik. 20:30: Txupinazoa. 21:00: Tortilla lehiaketea. 23:30: Erromeria, Honat taldeagaz. 03:00: Dj bat. Ekainak 22, zapatua 09:00: Aire zabaleko pintura lehiaketea. 11:00-14:30: Haur-parkea. 12:30: Kalejirea, Elaiak txistu taldeagaz. 13:00: Apar-jaia. 13:30: Idiazabal gaztaia dastatzea. 14:30: Herri bazkaria, kultura- eta kirol-alkarteek antolatua. 18:00: Pintura lehiaketako sariak emotea, Udaletxean. 18:30: Balkoi Apainduen Lehiaketako sariak emotea. 19:30: Dantzen agerraldia, Gorantzaileak dantza taldearen eskutik. 20:30: Txarangea. 23:00: Suak. 23:30: Kontzertuak: Mandoilek eta Canteca de Macao. 02:00: Dj Oihan Vega. Ekainak 23, domekea. San Joan gaua 12:00-14:00: Zurezko jokoak. 14:30: Sukalkia. 16:30: Mus txapelketea. 18:00: Dantzen agerraldia, Gorantzaileak dantza taldearen eskutik. 20:30: “Txartelak aidean” ekitaldia, Dendarien alkarteak antolatua. 21:00: Txitxi-burruntzia. 21:00: Berbenea, Izargi taldeagaz. 23:30: San Joan sua. 00:30: Berbenea, Izargi taldeagaz. Ekainak 24, astelehena 11:30: Kalejirea, Elaiak txistu taldeagaz. 12:00-15:00: Fanfarrea. 12:30: Mezea eta aurreskua. 13:30: Kopaua, jubiladuentzat. 18:00: Oliver magoa. 19:30: Gorritiren animaliak. 21:00: Azken trakea.