“Euskara, ikasteaz gain erabili egin behar da”

Aikor aldizkaria 2013ko eka. 24a, 09:41

Horiek izan ziren ama hunkitu batek Mintza Egunean argi, zuzen eta bihotzez oparitutako hitzak. Eta berbak ekintza barik ez direnez ezer, indarrez betetako irrintzi batekin jarraitu zuen. Jaiaren hasiera izan zen, eta jarraian bertsolariak, dultzainak, erromeria… Denok bat eginda, gure kulturan bizitzeko aukera izan genuen; eta, betiko garra piztuta, hizkuntza gure ametsa. Euskara ametsa izaten jarraitzen duen bitartean, ilusioz betetzen gaituen bitartean, bizirik jarraituko du. Suabe, astiro, apurka, irrintzia izan arte. Zergatik berbalagun? Denetarik egongo da, baina niri galdetzen badidate, ameslaria naizelako, sentitzen dudalako, nirea delako, gurea. Bizi garen gizartean “gurea” kontzeptua galtzen ari da. Guztia denona eta dena guztiona, eta horiekin batera kultur garbiketa; beraz, zer gara, gu geu ez bagara? Guztion artean urteetan egindako lana fruituak eskaintzen ari da. Erraza ez da izan eta ez da izango; baina, maite denean, lana saria da. Horregatik, eta amesten laguntzen nauzuelako, berbalagunen parte hartu duzuen guztiei eskertu nahi dizuet, zutabea zaretelako, oinarria. Bereziki, astero euskara jakin arren taldean dauden berbalagunei, hau da, inolako interes barik besteok laguntzeko prest zauden horiei, zuek barik berbalagun ezin! Eskerrik asko!