Urtebete oso bat ebaluazio fasean emon ondoren, ICANN erakundeak Euskerearen eta Euskal Kulturearen Komunidadearen .eus domeinua onartu dau. “Iritsi da urteetako beharra eta pazientzia eskatu dituan prozesuaren emaitzea. Euskerearen herriaren nazinoarteko aitortzea, .eus Interneteko lehen mailako domeinu bat baita, hau da, komunidadearen garapen lokalerako tresna global bat”, esan dabe PuntuEus Fundazinotik.
Ibilpidea luzea izan da, proiektua jaio zanetik sei urte pasau diralako, eta lau urte, ha aurkeztu zanetik. “Erronka bati heldu gura geuntsala aitatu genduan. Euskerea eta euskal kulturea Interneten ikusgarri bilakatu gura genduzala, euskerearen eta euskal kulturearen Interneteko presentziari, izanari, izena jarri gura geuntsala”.
Hurrengo hilebeteetan PuntuEus Fundazinoak kontratu bat sinatuko dau ICANNegaz, .eus domeinuaren administrazinoa, kontrola eta kudeaketea izateko. Ondoren, proba teknikoak egin beharko dira, .eus martxan jarri daitekeala ziurtatzeko. Azkenik, webguneak 2014ko apirilaren inguruan erregistrau ahalko dira .eus domeinuagaz. Fundazinoak egutegi, urrats eta aukera guztien barri emongo dau.
Bestalde, egitasmoaren sustatzaileek azpimarratu dabe hori aurrera atera bada, Fundazinoaren egindako beharragaitik ez ezik, milaka euskaldunen parte-hartze aktiboagaitik eta konpromisoagaitik be izan dala. “Eskerrak emon nahi deutseguz egunero euskerazko Internet posible egiten dabenei, Interneten euskeraz aritzen diranei, euskerazko tresnak eta danetariko aplikazinoak sortzen eta erabilten dituenei, eta proiektua babestu dabenei. Horreek barik, ez dago euskerea eta euskal kulturearen komunidaderik sarean. Horreei esker esangurea eta zentsua dau .eus domeinuak. Domeinua, gainera, konpromiso hori indartzera dator”.
PuntuEus Fundazinoa honeek osatzen dabe: Euskaltzaindia, Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseila, Euskal Konfederazinoa, Euskal Idazleen Alkartea, Euskal Herriko Unibersidadea, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazinoa, Ikastolen Alkartea – Partaide IEP, Euskal Irrati Telebista, Euskal Herriko Telekomunikazino Ingeniarien Alkargoa, Euskadiko Informatikako Ingeniarien Alkargo Ofiziala eta PuntuEus Alkartea.