Hiztegitxoak.eu

Aikor aldizkaria 2014ko urt. 17a, 10:42

Euskaltzaleen Topaguneak hiztegitxoak.eu webgunea jarri du martxan. Bertan, oinarrizko hiztegiak ipini dituzte eta aukera ematen da euskarazko hitzak beste hizkuntza batzuetan zelan esaten diren kontsultatzeko, eta alderantziz. Orotara, 35 hizkuntzatako hitzak kontsulta daitezke. Errumaniera, txinera, hassaniera eta swahilia daude hizkuntza horien artean. Azaldu duten moduan, egitasmo honi esker euskara hizkuntza ezberdinetako hiztunen artean “zubi hizkuntza” izatea bultzatu nahi dute. “Munduan 6.500 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira. Hizkuntzak kulturen adierazle garrantzitsuenetakoak dira eta, beraz, munduko kultura aniztasunari eusteko, hizkuntzak zaindu behar ditugu”, adierazi dute. “Euskarak Euskal Herria du bizitoki bakarra eta, jakina denez, egoera gutxiagotuan dago. Gainera, gurean beste hizkuntza ugari bizi dira, asko azken urteetan etorri diren pertsonek ekarriak. Aniztasuna, beraz, etxean daukagu. Bakoitzak bere hizkuntza zaindu eta erabiltzeaz gain, beste hizkuntza batzuk ere ikasiz gero, denok aberastuko gara. Eta bakoitzak bereari uko egin gabe, euskara izan dadila guztion arteko kohesio eta komunikazio hizkuntza”. Euskaltzaleen Topaguneak hainbat urte daramatza euskara eta aniztasun gaiak jorratzen. Hiztegitxoak.eu webguneak pauso bat gehiago emango du norabide horretan, izan ere, haien ustez, hainbat esparrutan izan daiteke baliagarria, hala nola eskola eremurako. Ezagutza eta aitortza “Elkar harremanerako oinarrizko hiztegi hauekin, elkarren arteko ezagutza eta aitortza bultzatu nahi da euskara erdigunean jarriz. Webgunearen bidez, 330 hitzetako oinarrizko hiztegia eskura daiteke eta inprimatu, egunerokotasunean erabiltzeko. Gainera, 35 hizkuntza horietariko batzuk gutxiengoan dauden hizkuntzak dira”. Bestalde, erabiltzaileek beste hizkuntza batzuetako oinarrizko hiztegiak txertatu ahalko dituzte webgunean, hori gero eta hizkuntza gehiagorekin elikatuz. Hiztegitxoak.eu webguneak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren babesa jaso du. Euskaltzaleen Topagunea 1997. urtean sortu zen eta hura Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 96 euskara elkartek osatzen dute. Elkarteon zein mugimenduaren beraren helburuak euskararen erabilera sustatzea eta euskararekiko sentsibilizazioa bultzatzea dira. Horretarako hainbat esparru lantzen dituzte, esaterako, haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, eta erakundeak euskalduntzea eta sentiberatzea.