Pintxotan ibili gara

Aikor aldizkaria 2014ko urt. 27a, 13:58

t/a: Gaizka Eguzkitza

Gure tabernek mokadu ederrak eskaintzen dizkigute. Eta guk dastatu egin ditugu Lezaman eman diogu hasiera pintxo ibilbideari. Bertan, Goiko tabernan “bakailao hostopila pil-pilean, baserriko arrautza galdarraztatuarekin eta piperrekin” jan dugu. Gainera, hegaluze-ogitarteko txikiak, eskuz moztutako pernila, hainbat tortilla eta bertan egindako txerri-azalak dastatzeko zorian ere egon gara. Hau gutxi balitz, asteburuetan itsaskia eskaintzen dutela esan digute. Errepidearen beste aldean Lejarrene jatetxea dugu. Han “bakailao eta onddoen orriak otarrainxkekin, pil-pil saltsan, eta berakatzekin, ogi txigortuaren gainean” dastatu dugu. Horretaz aparte, etxeko txorizoa, bakailaoz eta onddoez betetako piperrak, perretxikoen salteatua eta kokotxak zituzten barra gainean. Autoa hartu eta Zamudiorantz abiatu gara. Bertako tabernetan, batez ere langileentzako gosariak prestatzen dituzte eta pintxoak normalean handitxoak dira. Ama3 tabernan, esate baterako, txahal-hanburgesa txikia hartu dugu. Haragiari osagai sekretua botatzen diote, eta, gainera, pintxo eder honek tomatea, kipula erregosia, letxuga eta gazta ere badaramatza. Asteburuetan, mokadu txikiagoak prestatzen dituzte: gildak, olagarroa, izokina... Rafi tabernan patata-tortilla urdaiazpiko eta gaztarekin da etxeko espezialitatea. Baina tabernak barra oparoa du, hainbat ogitarteko txiki, hala nola hirugiharra, gazta eta piperrak, oilasko-bularkia, solomoa, sandwich begetala, hegaluzea... Azkenik, Bidegorri taberna bisitatu dugu. Mahaietan, bezeroak sandwichak, ogitartekoak, plater konbinatuak eta anoak dabiltza dastatzen, baina guk barran hartu dugu zerbait. Gildak, pernilezko edo hegaluzezko ogitarteko txikiak alde batera utzita, itxura polita duen pintxo bat hartu dugu: ogi zati txigortua, piperrekin (gorriak zein berdeak), legatz fresko eta ganba arrautzeztatuekin. Oraindik bagara gose, eta Deriorako bidea hartu dugu. Udaletxearen aurrean Adarve kafetegia dago. Kafetegia izatea ez da kasualitatea, goi-mailako kafea eskaintzen dutelako. Barrari begiratu diogunean, 13 tortilla mota, olagarroa eta sandwichak ikusi ditugu, baina batez ere mokadu batek erakarri egin gaitu: ogi zati baten gainean tomate, berenjena eta kalabazin arrautzeztatuak, eta barazkien artean, pernil iberikoa eta ahuntz-gazta. Eta horien guztien gainean, mertxika-marmelada. Ondoren, Iazi jatetxean pintxo zoragarri bat jan dugu: txerri-azpizuna foierekin, kipula karamelatuarekin, krokanti glaseatuarekin eta pernil iberikoarekin. Eta hori guztia ogi zati txigortu baten gainean. Beste pintxo batzuek ere itxura ederra dute: tortillak, sandwichak, kruasanak, bakailao brickak, kalabazin arrautzeztatua tomatearekin... Goizeko 11:00ak dira, eta hamaiketakoa non eta Amaiketako tabernan hartu dugu, zelan ez! Aukera zabala dute bertan: tortillak, itsaski-bexamelez betetako kalabazinak, tomate arrautzeztatua txaka, porru eta urdaiazpikoko entsaladarekin... Oilasko erreak ere egiten dituzte Amaiketakon. Guk txipiroia plantxan ziza eta kipula karamelatuarekin hautatu dugu... Eta bete-betean asmatu. Derioko azken txanpa Aldekonen egin dugu, Eleizalde kafetegian, San Isidro elizaren aurrean. Hara jendea batez ere gosaltzera hurbiltzen da, eta tortillak eta sandwichen artean, guk arrautza egosiaz, hegaluzez eta tomatez egindako sandwicha dastatu dugu. Igandeetan gildak ere egiten dituzte. Gure ibilbidea Loiun bukatu da, Aurregoiti jatetxean. Bertan raba zoragarriak hartu ditugu, jai-egun guztietan bezalaxe. Etxe-etxekoak dira eta sukaldariak esan digun moduan, Leioa edo Bilbotik ere etortzen dira haiek dastatzera. Hau tripakada, ase-ase eginda gaude! Non? –Goiko taberna (Bolaleku): Garaioltza, 1 (Lezama). –Lejarrene jatetxea: Garaioltza, 102 (Lezama). –Amairu taberna: Leizaola plaza, 7 (Zamudio). –Bidegorri taberna: Txinbo, 9 (Zamudio). –Rafi taberna: Oiz, 5 (Zamudio). –Adarve kafetegia: Sollube, 2 (Derio). –Amaiketako taberna: Unbe, 1 (Derio). –Eleizalde kafetegia: Lainomendi, 7 (Derio). –Iazi jatetxea: Jata, 2 (Derio). –Aurregoiti jatetxea: Lauroeta etorbidea, 27 (Loiu).