Hasiera-hasieratik esan behar dut, beira ez dela existitzen naturan, kristala ostera bai. Orduan, beirazko botilak lortzeko lehengai batzuk behar ditugu eta garrantzitsuenak hauek dira: harea, sosa, beirazko txatarra eta dekoloranteak. lehengai hauek labe batean urtzen ditugu beira likidoa lortzeko. Egoera honetan egon behar du beirak, botilak egin ahal izateko. Beira urtu ondoren makinetara pasatzen da. Tresneria hauek guztiak automatikak dira. Makinetan molde batzuk daude, beiraz betetzen ditugunak. Forma hartzeko, puztu egiten ditugu eta prozesuaren lehenengo fasea amaitzeko, kanpotik hozten ditugu. Gero, teknikoek tresneriaren laguntzaz botila guztiak banan-banan kontrolatu behar dituzte, produkzioaren kalitatea neurtzeko. Erabiltzen ditugun tresneriak oso fidagarriak diren arren, behin eta berriro konprobatzen nituen, akastunak antzemateko. Hori da lan zailena, egunero milioika botilak egiten ditugulako.
Lantegiko lan baldintzak onak dira, baina hala eta guztiz ere, beroa, zarata eta batez ere txandak gogorregiak dira. Lantegia ez da inoiz gelditzen, urteko 365 egunetan martxan dago eta oporrak ere txandaka hartzen ditugu. Jarduera honetan bi lantegi daude Euskadin: bata Leioan, platerak eta edalontziak egiten dituena, eta bestea Laudion. Botilak eta poteak egiten dira han. Enpresa hau, Vidrala, duela 50 urte martxan jarri zuen Delclaux familiak. 1983.urtean, uholdeek hondamendi izugarria eragin zuten. Hala ere, hilabetea igaro ondoren martxan zegoen berriro. Gaur egun 6 lantegik eratzen dute Vidrala eta Europan daude kokatuak: Portugalen, Frantzian, Belgikan, Katalunian eta Kaudeten (Espainian).
Hiztegia
Lehengai. Produkto bat prestatzeko edo laboratzeko beharrezko izaten den lehen elementua, naturan dagoen bezala hartuta transformaziorik ez duena.
Jarduera. Zerbait egiten aritzearen egintza: jarduera hori ez dut bat ere gogoko.
Zeregina. Norbaitek egin edo burutu beharreko betekizuna: zeregin hori bete ondoren, joan zaitezke kalera.
Akastunak. Koskak, akatsak dituena: aizkora hau akastuna duzu eta nekez ebakiko dizu ezer.
Antzeman. Igarri gutxi gorabehera: eguraldiari antzeman dio;etorkizunari antzematerik ez dago.
Hondamendi. Zerbait hondatzeak edo desegiteak ekarritako kalte handia: lurrikarak hondamena ekarri die hainbat herriri.
Uholdeak. Eurite izugarrien ondoriok, ibaiak urez gainezka jaistea, urak handi etortzea, era guztietako hondamenak eraginez: 1983.urtean ikaragarrizko uholdeak izan ziren Bizkaian.
Eragin. Zerbaitek nahiz norbaitek pertsonengan nahiz gauzetan duen indarra, zerikusia, eragipena.
Galderak
–Zein egoten da naturan beira ala kristala?
–Zelakoak dira lan baldintzak lantegian?
–Zenbat enpresek eratzen dute Vidrala?
–Zer gertatu zen 1983. urtean Vidralan?